Haritz Larrañaga Altuna
DONOSTIA

Sorginetxe Big Wave Erronka: Indar Unanue txapeldun Deban

Pasa den ostegunean egin zuten lehen aldizSorginetxe Big Wave Erronka olatu handienEuskal Herriko surf txapelketa eta Indar Unanue zarauztarrak irabazi zuen. Eguzkia, olatu handi eta garbiak, eta ikuskizun ederra izan ziren Deban.

Arrakasta itzela izan zuen pasa den ostegunean lehen aldiz Deban egin zuten Euskal Herriko olatu handien surf txapelketak. Euriak goiz batez etenaldi labur bat egin zuen, eta eguzkiak lagunduta, baldintza bikainetan egin zuten txapelketa.

Haize leunak orraztutako olatu handi eta garbiak, ausardiaz itsasoratu ziren 18 surflari, eta batez ere, lehiakide zein ikusleen artean zen giro bikaina; txapelketa bat arrakastaz burutzeko beharrezko osagai guztiak eltzean ziren.

Gipuzkoarrak nagusi

Itxaronaldi epea urtarrilaren 7an ireki zen, eta martxoaren 31 arte luza zitekeen. Itsaski sendo bat zetorrela ikusita baina, antolatzaileek alerta laranja deitu zuten urtarrilaren 13an, eta urtarrilaren 16an txapelketa egingo zela baieztatu zuten.

Urtarrilaren 18an dena prest zen txapelketa egin ahal izateko eta Sorginetxeko eskuin olatua itsasbeheran lehertzen denez goiz osoa baliatu zuten txapelketa egiteko. Sei lehiakidez osatutako hiru txanda itsasoratu ziren lehenik eta lehen postuan geratu zirenek zuzenean finalerako pasea eskuratu zuten. Bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren surflariak, aldiz, bigarren txandara pasa ziren.

Antolakuntzak lan egun batean lehiatzeak sor ditzakeen eragozpenei aurre egiten laguntzeko 50 euro eman zizkion lehiakide bakoitzari, eta horrez gain, hiru sari nagusi zeuden. 150 euro txapelketa irabazten zuenarentzat, olatu handietarako txaleko bat erorketa gogorrena izaten zuenarentzat eta motxila berezi bat olatu handiena hartzen zuen lehiakidearentzat.

Lehiakideek hartutako olatuen artean bi onenak ziren kontuan hartzen zirenak, eta bi horietatik puntu gehien bildutako olatuak balio bikoitza zuen, beraz lehiakideek gutxienez olatu on bat hartzea zuten helburu.

Gipuzkoarrak nagusitu ziren ordubete iraun zuen finalean. Indar Unanue zarauztarrak irabazi zuen txapelketa eta olatu handienaren saria ere jaso zuen. Aritz Aranburu eta Ibon Amatriainentzat izan ziren bigarren eta hirugarren postuak, eta laugarren postua Koxme Fernandez bizkaitarrak eskuratu zuen. Bosgarren geratu zen Ander Mendiguren bizkaitarrak erorketa bortitzenaren saria ere irabazi zuen, eta haren atzetik, 16 urte baino ez dituen Iker Amatriain gipuzkoarra geratu zen.

Kontsentsu zabala

Olatu handietako txapelketak polemikoak izan ohi dira parte hartzaile kopurua mugatua izaten denez, berauek hautatzeko moduak sarri guztien nahiak asetzen ez dituelako, baina antolakuntza lanetan aritu zen Oier Illarramendik argitu zuenez «txapelketa hau antolatzeko ahalik eta kontsentsu zabalena lortzen saiatu gara».

Gauzak honela, Debako txapelketan parte hartzeko 6 lehiakide Gipuzkoako olatu handien komisioak hautatu zituen. Beste 6 lehiakide Bizkaiko Surf Federazioak hautatu zituen. Debako Zurrunbilo elkarteak 2 lehiakide hautatu ahal izan zituen. Eta Euskal Herriko Surf Federazioak 4 gonbidapen wildcard banatu zituen, Pilou Ducalme getariarra (Lapurdi), La Vaca Gigante txapelketako antolatzailea den Oscar Gomez kantabriarra, eta, Iker Amatriain eta Xabier Lopez, 16 urteko surflari gazteak.

Galea Puntako munduko lehiaketan parte hartzeko EHSF-ri zegozkion gonbidapen wildcardak nori eman erabakitzeko eztabaida eta arazo ugari izaten zen. Hori ikusita, wildcardak irabazteko bi lehiaketa egitea proposatu zuten, bata Meñakotzen (Barrika-Bizkaia), eta bestea Izuztarrin (Getaria-Gipuzkoa).

Antza, Meñakotzeko surflariak ez ziren txapelketa egitearen aldekoak, eta ondorioz Izuztarriko surflarien iritzia ere bitan banatu zen, alegia, txapelketa egitearen aldekoak zirenak eta kontra zeudenak.

Sasoi hartan Debako surflariekin harremanetan zegoen EHSF, izan ere, lehen aldiz Deban egin berria zuten Euskal Surf Zirkuituko proba bat eta haiek proposatu zuten Deban bertan olatu handietako txapelketa bat egitearen ideia.

2017ko urtarrila zen eta Debako Udalari ideia gustatu zitzaion. Aldi berean, Gipuzkoako Surf Federazioak bultzatuta olatu handien komisioa sortu zen eta uda amaierarako eragile guztiak elkarlanean ari ziren Debako txapelketa zein baldintzatan egin zitekeen aztertzeko. Ideia forma hartzen ari zen.

Debako Zurrunbilo elkarteak, esaterako, asanblada bat egin zuen gaia jorratzeko, Udala ados zen eta olatu handien komisioa ere bai, beraz txapelketa egitea bakarrik falta zen. Pasa den ostegunekoa beraz, eragile desberdinen artean adostasun batera iristeko egindako esfortzuen emaitza izan zen.