Gotzon ARANBURU
OIARTZUN

Lan munduan euskara

«Indargune» eta «ahulgune» terminoak asko erabiltzen dira euskararen egoeraz aritzean. Badira eremu batzuk non gure hizkuntza osasuntsu ageri den, eta badira arloak non oso egoera kaskarrean dagoen. Lan mundua da azken hauetako bat, ez bakarra zoritxarrez. Euskal Herriko hainbat eskualdetan egiten ari dira saioak egoera hori iraultzeko, eta emaitza polita lortzen ere bai, nahiz eta lantokietan euskara normalizatzeko zailtasunak handiak izan.

Oiartzungo Niessen enpresan euskara lantokian txertatuta dago arlo guztietan. (Gotzon ARANBURU)
Oiartzungo Niessen enpresan euskara lantokian txertatuta dago arlo guztietan. (Gotzon ARANBURU)

Oarsoaldea lau herrik osatzen dute: Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia. Lau udalek euskararen normalizazioan elkarrekin egitea erabakitzen dutena eskualde mailan diseinatzen da, eskualdetik koordinatzen, baina herrietan gauzatzen da. Euskara Sailak helburua garbi du: euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea, batez ere ume eta gazteen giza-multzoetan. Horretarako, bi multzo horietan eragina duten esparruetan eta haiekin harreman zuzena duten eragileekin ari da da lanean Euskara Saila, alegia, familiak, aisialdia eta ikastetxeak. Horiez gain, merkataritza-ostalaritza eta lan mundua euskalduntzen eta helduen alfabetatzean ere saiatzen da. Bada azken atal honi erreparatuko diogu.

Ez da gaur goizekoa lan munduan euskara normalizatzeko ahalegina Oarsoaldean. Izan ere, 2003an jarri zen indarrean eskualdean OLA plana, hau da, Oarsoaldeko Lan mundua Euskalduntzeko Plana. Eskema erraz batekin ezarri zen. Euskara plan bat garatzea erabakitzen duten enpresei aurreneko diagnostikoa egiten die aholkularitza enpresak (hasieran Elhuyar izan zen, orain Emun) eta aholkularitza ordu presentzial batzuk hitzartzen dira. Lehenengo urteetan udalek aholkularitza gastuen %75 hartzen zuten euren gain eta gainerakoa enpresak ordaintzen zuen. Horretaz gain, bestelako laguntza batzuk ere eskaintzen zitzaizkien, eta zaizkie, enpresei, esate baterako errotulazioa eta seinalizazioa euskaratzeko laguntzak, edo itzulpen zerbitzua.

Udalen laguntza pixkanaka murrizten joatea zen helburua, enpresek bere prozesuaren ardura euren gain har dezaten. Motel, baina udalen pisu hori murrizten joan da. Egun laguntza modua bestelakoa da. Enpresek Lakuako Gobernuaren Lanhitz deialdira aurkezten dituzte euren planak eta gero udalek diru-laguntza hori osatzen diete laguntza publikoaren mugaraino. «Hasieran uste genuen urtez urte enpresa kopuru bat gehitzen joango zitzaiola planari baina hori ez da batere erregularra izan eta kopuruak oso oso murritzak izan dira historikoki. Urte askotan ez da enpresa berri bat bera ere sartu, asko bidean geratu dira edo euren iritziz prozesua bururaino eraman dute… denetik dago. Garairik onenetan aldi berean 11 enpresa izatera iritsi gara gehienera jota. Azken urteetan nekez sartzen dira enpresa berriak planean, eta sartzen badira, ibilbide laburra egiten dute», esan digu Joxe Luix Agirretxek, Euskara Saileko zuzendariak.

Lehenik, kaptazioa

OLA ezartzeko, lehenengo atzipena edo kaptazioa egiten da. Udaletako ordezkari politiko eta teknikoek, aholkularitza enpresako teknikariekin batera, enpresak bisitatzen dituzte eta lehen bilera baterako hitzordua zehazten da. Aurrera egitea erabakitzen badute, aholkularitza enpresak diagnosia egiten dio eta gero plana diseinatzen du enpresako solaskideen partaidetzarekin. Hortik aurrera urteroko kudeaketa plana egiten da; ezinbestekoa da barnean planari jarraipena egingo dion talde heterogeneo bat egotea, «euskara batzordea» deitu ohi dena. 

Joxe Luixek azaldu digunez, eskualdean OLA planean dauden enpresen arteko lotura egitea inportantea da, bakarrik senti ez daitezen eta egitasmo handiago baten parte direla ikus dezaten. «‘Olakaria’ izeneko berripapera igortzen diegu aldian-aldian eta hilero euskararen inguruko jakingarriez osaturiko newsletter moduko bat». Horretaz gain, jardunaldiak eta topaketak antolatu ohi dituzte enpresen artean, bai jakintza konpartitzeko bai elkarri animoak emateko.

Euskararen beharrik ez sentitzea

Hala eta guztiz ere, zailtasunak hor daude. Jakina da enpresa bakoitza mundu berezi bat dela. Egun dagoen zailtasun objektiborik handiena, oro har, euskararen beharrik ez sentitzea da. Termino ekonomiko hutsetan euskara ez dela errentagarri iruditzen zaie enpresa gehienei. Lan gehigarri bat besterik ez da tamalez, askorentzat, borondate ona izanik ere. 

Beste zailtasun nabarmen bat «euskara plana» hitza edo kontzeptua bera da, paradoxikoki. Adibidez, Oarsoaldeko enpresa gehienak pabiloietako enpresa txikiak dira eta horiei oso handi geratzen zaie «plana». Haiek aski dute ziurrenik interbentzio edota laguntza puntual txiki batzuekin; zerbitzu eskaintza edo menu batekin. Horretan ari dira une honetan Oiartzunen adibidez, ‘Lanin’ egitasmoarekin. OLA plana enpresa koskor edo handiei begira sortutako egitasmoa izan zen. 

Duela gutxi Josep Maria Canyelles aditu kataluniarra izan da Oarsoaldean. «Enpresen gizarte erantzukizunaz mintzatu zitzaigun. Oso interesgarria izan zen. Enpresek euren inguruarekiko zor bat badutela zioen, zorra, begirunea… nahi dugun bezala deitu baina inguruko giza-taldeek enpresari eskakizun batzuk egiteko lanketa da gizarte erantzukizuna. Lantegi bat ez da zer isolatu bat, inguruarekin eta ingurukoekin elkarreraginean dago nahi ala ez» diosku Joxe Luixek.

Katalunian enpresa arduratsuez hitz egitetik lurralde sozialki arduratsuez hitz egitera pasata daude. Lurraldeak, lurraldekoek finkatzen dituzte funtzionatzeko gutxieneko arau edo betebeharrak. Nazio mailan adibidez zortzi alor dituzte definituta eta horietako bat bertako hizkuntza eta kulturarekiko betebeharrak dira. Horrek klabe garrantzitsu eta interesantea ematen du; gainerako betebeharrekin batera hizkuntzarekikoak ere pack edo sorta berean aurkeztearen ideia. Baina zera gertatzen da, hori lortzeko prozesu bat egin beharra dagoela eta adostasunak bilatu behar direla. Hortik urrun xamar gaude hemen oraindik, nahiz eta gero eta gehiago diren euskara planen bat edo euskarari nolabait ere sarbidea egin dioten enpresak. Historikoki, gai honetan gunerik garrantzitsuena eta aurreratuena Debagoiena izan da. Antzuolako Elay enpresak, esate baterako, 1990eko hamarkada hasieran jarri zuen martxan euskara plana, eta esan daiteke gaur egun erabat euskaraz lan egiten dutela bertan.

Jakina da lan munduan gaztelaniak duen nagusitasuna, joera normala gaztelaniara (edo frantsesera) jotzea balitz bezala, euskara eskolako kontutzat soilik hartuta. Egia da gazte belaunaldiak euskaraz prestatuta datozela, geroz eta gehiago, eta horrek bultza ere egiten du, baina gehienetan alderantzizkoa gertatzen da; euskaraz datorren ikasle edo langile berri gazteak erdal inertziak aurkitzen ditu enpresan eta horietan murgiltzen da hura ere bai. Lan giroa, lantokietako giroa euskaldundu behar da.

Nagusiak aginduak euskaraz ematea lortu

Agirretxek dioenez, behar bada egoera informal eta ludikoetatik hasiz baina lan parteak euskaraz izatea lortu beharra dago. Nagusiek euskaraz lan egiteko agindua eman dezaten lortzen hasi beharra dago. Agian kalitate sistemetan hizkuntza kudeaketa txertatu eta hori auditoretzatan neurtuz behartu lezakete euren burua enpresek. Baina soluzioa edota interbentzioa poliedrikoa da zalantzarik gabe. Araudietan sartu beharra dago baina aldi berean erabileraren inertziek ere lagundu beharko dute horretan. Inguruko euskaldunen dentsitateak eragin nabarmena duela gauza jakina da, adibidez. 

Lanbide Heziketaren gaia aipatu dugu. Esan bezala, gero eta ikasle gehiagok euskaraz egiten dituzte Lanbide Heziketako ikasketak, baina FPTa edo lantokiko prestakuntzako praktikak gaztelaniaz egiten dituzte gehien-gehienek. Zoriz enpresa edota instruktore euskalduna egokituz gero, euskaraz egiten dira praktikak, baina gainerakoan gaztelaniaz. Horrek aurreko bide guztia baldintzatzen du, eta hori da errealitatearekin antz handiena duen ikasketa prozesuaren zatia. Beharrezkoa iruditu zitzaien Oarsoaldean praktika aldi hori ere, hiru hilabete horiek ere, euskaraz izatea. 2009az geroztik Don Bosco Lanbide Heziketako Institututik praktika egitera doazen ikasle kopuru baten praktikak euskaraz izan daitezen plana dute martxan. «Enpresa batzuk hautatu eta ikaslea joaterako baldintza egokiak sortzen saiatzen gara; harrera euskaraz egitea, instruktore euskalduna jartzea (ezinbesteko baldintza egitasmoan parte hartzeko), ikaslea mugituko den eremuko seinalizazioa eta instrukzioak eta lanerako idatziak euskaraz ere egotea…».

Eredu bat sortu nahi izan dute, metodologia bat eta hori zabaltzea da helburua. Hala ere gai hau Hezkuntza Sailetik arautu beharra dagoela uste dute Euskara Sailean, Lanbide Heziketako dekretuan hizkuntza irizpideak txertatuz. Kontua da oso ikasle kopuru txikia dela urtero modu arautuan praktikak euskaraz egitera bidaltzen dutena; hogei bat batez beste urtero. Beste ehuneko batek (gero eta gehiagok, hori ere esan behar da) zoriz ere euskaraz egiten dituzte praktikak. 

Ideia lehiaketa

‘Zure enpresan euskara zure esku’ ideia lehiaketa antolatu dute Oarsoaldean Lanbide Heziketako ikasleentzako, ikasleen artean hausnarketa eragiteko. Nolako enpresatan lan egin nahi duten, enpresa horretan euskarak zein leku izan behar lukeen eta zergatik, eta garrantzitsuena, euskarari sarbidea nola egingo lioketen enpresetan. Hilabete batean inplementatzeko moduko ideia bat proposa dezaten eskatu diete. Enpresa batean euskararen egoera hobetzeko edota euskara presente egiteko interbentzio bat diseinatzea, azken batean. 1.500 euroko saria du lehiaketak eta irabazleak ideia inplementatzeko beste 1.000 euro eskuratuko ditu. Bikote edo hirukoteetan aurkeztu behar dituzte lanak otsailaren 16rako.