NAIZ
BILBO

30 kultur hitzordu eta ia 200 artista Loraldiaren laugarren edizioan, martxoaren 5etik 26ra

Loraldiaren laugarren edizioa martxoaren 5etik 26ra ospatuko da Bilbon. ‘Lau sormen-haizetara’ lelopean. Hogei kokapen desberdinetan diziplina artistiko guztiak, lau produkzio berri eta estreinaldiak eskainiko ditu. Guztira, 30 kultur hitzordu izango dira eta ia 200 artistak parte hartuko dute.

Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu dute gaur goizean Loraldiaren laugarren edizioa Imanol Agirre festibalaren zuzendari artistikoak, Goizalde Landabaso kazetariak eta hainbat artistak: Agurtzane Intxaurraga, Oinkari dantza taldeko dantzariak, Patxo Telleria gidoilariak eta Inun kantariak. Haiekin batera izan dira Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzi ordezkaria eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua. Mikel Martinez aktoreak, berriz, festibalean antzeztuko duen Tabernaria teatro laburraren pasarte batzuk eskaini ditu.

Loraldia martxoaren 5ean hasiko da euskal kantagintzari buruzko mintegi batekin, eta hilaren 26an bukatuko da, mintegi horren azken saioarekin. Tartean 30 kultur hitzordu jasotzen ditu egitarauak, diziplina artistiko guztietakoak eta formatu desberdinetakoak: antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema eta bertsolaritza, baita gastronomia eta artea ere. Ia 200 artistak parte hartuko dute.

Hogei gunetan izango da jaialdia, haietako batzuk berriak: Arriaga Antzokia, Campos Antzokia, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, BIRA! Kultura Bilbao, Elkar dendak, BBK Sala, La Fundición, Bilborock, Kafe Antzokia, Sarean, Ardoonak Sherry denda, Café Bilbao eta Basquery tabernak.

Ikusi ahal izango diren ikuskizun eta lanen artean ‘Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara’ bakarrizketa; Kukai dantza taldearen ‘Oteizak 110’; Hika eta Oinkariren ‘Sagartu’; ‘Hiru emakume’; Izaroren ‘Eason’; Ruper Ordorika; Bilbronx jaialdia; ‘Herejeen alaba’, Xabier Amurizaren ‘Neska bat leku inposiblean’...

‘Lorartea’ atalean artea kalera eramango dute, Raimon Bikandik prestatu duen ‘Barruko ametsak’ erakusketarekin.

Horretaz gain, sortzaileak eta haien sormena hobeto ulertzeko eta ezagutzeko hainbat solasaldi antolatuko dira.