Pobrezia eta bazterketaren aurkako Herri Ekimen Legegilea bultzatuko du Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, kalitatezko babes sistema publiko eta soziala lortzeko xedearekin, pobreziaren eta bazterketaren aurka garatuko duen Legegintzako Herri Ekimena aurkeztu du.

NAIZ|BILBO|20/02/2018 12:43|0 comentarios
Karta-pobrezia
Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dute Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Bilbon egindako agerraldi batean, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurka garatuko duen ekimenaren berri eman du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Azaldu dutenez, Legegintzako Herri Ekimena (LHE) jarriko dute martxan datozen egunotan eskubide sozialak bermatzeko helburuarekin.

Gasteiz zein Iruñeko Parlamentuetan aurkeztuko da ekimena. Aurrera egin ahal izateko, gutxienez 10.000 sinadura behar dira EAEn eta, Nafarroan, hauteskunde erroldaren %1a behar da, hau da, 5.000 sinadura inguru. Parlamentu hauetako mahaien tramiteak gaindituta, ekimena apirila eta ekaina bitartean garatzea da Eskubide Sozialen Kartaren helburua.

Kartan bildutako eragileek uste dute, LEHaren tresnak mugak baditu ere, «erabilgarria izan daitekeela» eskubide sozialak «eztabaida politikoaren erdigunean» kokatzeko.

Hain zuzen, bermatutako gutxieneko diru-sarreren politikak hobetzea eta etxebizitza duin baterako eskubidea izateko helburuarekin hainbat neurri zehatz jasotzen ditu ekimenak.

«Euskal Herriko erakundeek badituzte gai hauen inguruan herritarrak babestuko dituzten politikak garatzeko eskumenak. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erakundeei exijitzen die gehiengoaren bizi kalitatea hobetzeko neurrien esanetara jarri daitezela. Soilik borondate politikoa behar da horretarako», adierazi du aurkezpenean ELAko gizarte politiken arduradun Mikel Novalek.

LABeko Ekintza Sozialeko kide den Edurne Larrañagak, bere aldetik, nabarmendu du egungo sistema eraldatzeko bidean burujabetza eta erabakitzeko eskubidea ezinbestekoak direla.