naiz

Emakumeen Traineruen Elkartea sortu dute 14 arraun klubek

Tolosaldea, San Juan, Orio, Hibaika, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Hernani, Hondarribia, Kaiku, Deusto, Lea-Artibai, Lapurdiko Arraun Taldea, Colindres eta Astillero arraun klubek Emakumeen Traineruen Elkartea sortu dute. Eusko Tren liga gorenari eutsiko diote eta, aldi berean, bigarren mailako liga bat sortzea izango da erakundearen lehen jomuga.

Hibaikako arraunlariak, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Hibaikako arraunlariak, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Arraun ligak berrantolatzea helburu, 14 arraun taldek Emakumeen Traineruen Elkartea sortu dute.  Gizonezkoen ligetako TKE eta KAE elkarteak eredu, erakundea osatu dute, emakumezkoen arraunari indarra eman asmoz.

Tolosaldea, San Juan, Orio, Hibaika, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Hernani, Hondarribia, Kaiku, Deusto, Lea-Artibai, Lapurdiko Arraun Taldea, Colindres eta Astillero arraun klubak dira oraingoz elkartearen parte, Tolosaldeko Atariak jakinarazi duenez.

Eusko Tren liga gorenari eutsiko diote eta, aldi berean, bigarren mailako liga bat sortzea izango da erakundearen lehen jomuga, Igoerak eta jaitsierak izango dira bi maila hauen artean. Egutegian ez da aldaketarik izango eta, orain arte bezala, Eusko Tren ligako estropadak gizonezkoen TKEko egutegiari lotuta joango dira. Bigarren mailak, aldiz, KAE 1. mailako egutegia jarraituko luke.

Atzo hartu zuten erabakia Eibarren egindako bilkuran. Eusko Tren Liga sei arraun taldera handitu nahi dute, baina ez dirudi hau 2018an iritsiko denik. Hasiera batean, kanporaketa bati aurre egin beharko diote Eusko Tren Ligan aritu ahal izateko eta sailkatzen ez direnek bigarren maila horretan egin beharko dute arraun.

Bi aste barru elkartuko dira berriz arraun taldeak, elkarteari forma eman eta lehiaketaren arauak ezartze aldera.