naiz

‘Altsasuko Herriak Nafarroari Bira’ ekimenari hasiera emanen diote larunbatean

Larunbat honetan Altsasuko 48 eragilek antolaturiko ‘Nafarroari Bira’ ekimenaren lehen etapa izango da. Martxoaren 24ra bitarte, asteburuz asteburu, Nafarroako eskualdeak bisitatuko dituz, herriko zortzi gazteen aurka apirilaren 16an hasiko den epaiketaren inguruan informatu asmoz. Lehen etapan Zubiri, Garralda, Otsagabia, Irunberri eta Zangotza bisitatuko dituzte.

Auziperatuen senideek eta Altsasuko herritarrek egindako beste agerraldi bat. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Auziperatuen senideek eta Altsasuko herritarrek egindako beste agerraldi bat. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Altsasuko zortzi gazteak apirilaren 16tik 27ra epaituko dituzte eta auziaren inguruko informazioa zabaldu asmoz, Altsasuko herriak eta bertako 48 elkarte eta taldeek Nafarroako eskualde guztietatik bira egingo dute. Larunbat honetan emanen diote hasiera eta martxoaren 24ra bitarte luzatuko da.

Lehen etapa honetan Zubiri, Garralda, Otsagabia, Irunberri eta Zangotza bisitatuko dituzte: Zubirira 10:00ak aldera iritsiko dira eta kiroldegiaren aurrean harrera eginen diete. Bertan Altsasuko gurasoek auzia aurkeztuko dute. 12:00etan Garraldan dute hitzordua. Bertako inauteri taldeak eta Aezkoa eta inguruko eskualdeetako taldeek hartuko dute ekimena. 13:45ean, Otsagabian, bertako taldeek musikarekin egingo diote ongi etorria eta auziaren inguruko xehetasunak elkarbanatu ostean, herri-bazkaria izango da. 17:30ean Irunberriren txanda izango da. Tokiko eragileek harrera egingo dute, informazioa zabaldu aurretik. Azkenik, Zangotzan 19:00etan, herriko elkarte eta joaldunek harrera eegingo diete eta kalejiraren ostean iritsiko da Altsasuko Gurasoen aurkezpena.

Hurrengo etapa martxoaren 3an izanen da Tafalla, Gares eta Lizarran. Martxoaren 10ean, aldiz, Lerkunberri, Leitza, Elizondo, Lesaka eta Baigorri bisitatu dituzte. Martxoaren 17an bizikleta martxa egingo dute Iruñerrian, nafar hiriburuko Gaztelu Plazan amaituta. Ekimena martxoaren 24an, azkenik, Tutera eta Erriberan zehar ibiliko dira.

Ekimen hau prestatzeko 17 herrietan laguntza-taldeak sortu dira eta orain arte eta orotara 690 pertsonek parte hartu dute Zubiri, Otsagabia, Irunberri, Zangotza, Tafalla, Lizarra, Gares, Baztan, Bortziriak, Leitza-Larraun, Txantrea, Berriozar, Barañain, Errotxapea, Burlata, Iruñea eta Tuteran sortutako taldeetan.

Honen bitartez «Altsasuko zortzi gaztek 375 urteko kartzela zigor eskaeraren mehatxua gainean dutela» ekarri nahi dute gogora. Haietako hiru, Adur Ramírez, Oihan Arnanz eta Jokin Unamunok urtebete baino gehiago daramate espetxean.

Nafarroako Auzitegiak 2017ko martxoan, auto baten bidez, terrorismotzat kalifikatzeko zantzurik ere ez zegoela adierazi zuen eta kasua Nafarroan epaitu behar zela defendatu. «Demokrazia batean bermatuta egon behar duten eskubideak eta printzipioak urratu egin dira: errugabetasun presuntzioa, epaile naturalaren eskubidea, legearen erabilera ez hedatzailea eta proportzionaltasunaren printzipioa, defentsarako eskubidea, askatasun eskubidea».

Era berean, «aktuazio judizial, polizial eta mediatikoa zein botere-gehiegikeria honek demokraziaren oinarriak higatzen dituela» salatu dute.