naiz
iruñea

Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez 
de Viñaspre euskaltzain oso izendatu ditu Euskaltzaindiak

Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre dira euskaltzain oso berriak, gaur Iruñean egindako Osoko bilkuran gehiengo osoa lortu ostean. Gaurtik aurrera zortzi hilabeteko tartea izango dute sarrera-hitzaldiak paratzeko, eta berdin erantzunezko idazkia egin behar duten euskaltzainek bereak prestatzeko.

Miriam Urkia euskaltzain oso izendatu dute gaur Iruñean. (Euskaltzaindia)
Miriam Urkia euskaltzain oso izendatu dute gaur Iruñean. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak euskaltzain berriak izendatu ditu gaur. Goizean, Iruñean egin den Osoko bilkuran, euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak betetzeko, eta Miriam Urkiak eta Roberto Gonzalez de Viñasprek lortu dute Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Gogoratu behar da azaroaren 24an, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zituela Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak (emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek). Ondoren, urtarrilaren 26an amaitu zen hutsune horiek betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hiru hautagai aurkeztu zituzten: Miriam Urkia, Karmele Jaio eta Roberto González de Viñaspre, eta gaur, Urkia eta González de Viñaspreren aldeko hautua egin dute.

Gaurtik aurrera zortzi hilabeteko tartea izango dute sarrera-hitzaldiak paratzeko, eta berdin erantzunezko idazkia egin behar duten euskaltzainek bereak prestatzeko. Ia ehun urteko ibilbide luze-zabalean, eta estreinakoz, ez da elizgizonik izango euskaltzain osoen artean, Patxi Uribarren baitzen abade bakarra.

Roberto González de Viñaspre bilbotarra da jaiotzez, baina Trebiñun bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Lakuako funtzionarioa, Hizkuntza Normalkuntzaren alorrean. Miriam Urkia Gonzalez, aldiz, Donostian jaioa da eta Euskal Filologiako doktorea. Aurretik Euskal Filologiako lizentziaduna.

1918tik 2018ra, 92 euskaltzain oso izan dira azken ehun urteotan Akademiak izendatu dituen euskaltzain osoak. Gaur egun, Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto Gonzalez de Viñaspre. Andres Iñigo, Jabier Kaltzakorta, Xabier Kintana, Joseba Lakarra, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ibon Sarasola, Ana Toledo, Andres Urrutia, Miriam Urkia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbidek osatzen dute Euskaltzaindia.