Jon Ormazabal

Altuna-Martijak azkenaldera txukundu dute hutsez beteriko partida

Partida erdialdera kolpe handi bat hartu du Etxeberriko atzelariak ezker eskumuturrean, baina itxuraz ez du ezer hautsirik eta sustoa baino ez da izan.

Jokin Altuna pilota astintzen (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Jokin Altuna pilota astintzen (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Partidaren azken txanpan txokotik zabalera egindako pare bat dejada ikusgarrirekin eta finalerdiak hasi aurretik moralik ez galtzeko garaipen batekin txukundu dute Altuna III.a-Martijak hutsez beterik egon den partida. Amaiera horretan Iker Irribarriak ere utzi ditu ale politak eta postre on batek bazkari txar bat konpon dezakeenaren sentsazioarekin utzi dute pilotazaleek Eibarko Astelena.

Nolabaiteko arindu bat ere izan da partida amaieran, Julen Martijak ezker eskumuturrean hartu duena kolpe gogor batean geratu dela entzun dugunean. Izan ere, bigarren atsedenaldi luzearen aurretik, atzelari nafarrak min hartu du paretara baztertu zaion pilota bat eramaterakoan eta, ingurua berehala belztu zaiola eta momentu batzuk sentsibilitatea ere galdu duela jakin ostean, finalerdien atarian, lesioa larria izan zitekeenaren susmoa ere izan da.

Gainerakoan, partida oso gorabeheratsua izan da eta batez ere batzuek eta besteek egindako hutsek gidatu dute markagailua. Hamaseinako berdinketaren ostean, gorriek gehiago asmatu dute eta bigarren postuan sendotu dira ligaxkari agur esateko.