@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Europa «gotorlekuari» ezezko borobila eman diote kalean

Iaz 5.000 lagun hil ziren Mediterraneoan Europara heltzen saiatzen ari zirela; azken 17 urteotan 35.000 izan dira. Eredu hori ez dutela nahi aldarrikatu dute igande eguerdi honetan Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon egin dituzten ekitaldietan.

Iruñeko Gaztelu plazan egin dute protesta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Iruñeko Gaztelu plazan egin dute protesta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Iruñeko ekitaldia Gaztelu plazan egin dute. Kioskoan harresi bat jarri eta bertan egoera hau salatzeko eta errefuxiatuei elkartasuna adierazteko mezuak itsatsi dituzte. Ekimena Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan ere egin da, baita Galizan, Ceutan, Gaztelan, Aragoin, Andaluzian, Murtzian eta Herrialde Katalanetan ere.

Asun Fernandez de Garaialde eta Esther Korres EH Bilduko parlamentariak Iruñeko ekitaldian izan dira non, besteak beste, Gazak pairatzen duen egoera gogoan izan duten.

Ekitaldian Estatu espainolak agindutakoa ez dela betetzen ari salatu dute. 17.337 errefuxiatu jasotzeko konpromisoa hartu zuen 2017ko irailean, baina 2.716 baino ez ditu hartu, adosturikoaren %15,67a. Honez gain, 2016an eta 2017an asilo politikoa izateko prozedura zaildu egin du Gobernu espainiarrak.

«Egun, munduan, 70 milioi pertsona inguruk bizitokia aldatu behar izan dute. Behartutako migrazio hauen jatorrian Europako multinazionalak daude. Migrazio hauen oinarrian, besteak beste, arrazoi ekonomiko zein energetikoak piztutako gerrak, giza eskubideen urraketak eta langileen esklabotza daude. Bien bitartean, Europa gotortu egin da, asilo politikak gogortuz, nazioarteko babes eskubidea lortzea gero eta zailago jarriz eta Europar Batasuneko partaideak ez diren herrialde ez seguruekin hitzarmen ‘ilegalak’ eginez, beraiek milioika pertsonen etorkizuna ‘kudea’ dezaten», salatu dute.

Honen aurrean, Estatu espainolari eta Europar Batasunari Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 13. artikuluak dioen bezala, pertsona guztien zirkulazioa askerako eskubidea bermatzea eskatu diete.

Bide batez, migrazio politikak aldatzeko eta Europako mugetara heltzen direnen eskubideak errespetatzeko eskatu dute. Horretarako, bide seguru eta legezkoak ezartzea eta enbaxadetan asilo eskaerak onartzea ezinbestekotzat jo dute. 

Migrazioak eragiten dituzten jatorrizko arrazoietan ere eragitea eskatu dute.

Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan

Iruñean egin den ekimenaz gain, Bilbo, Donostia eta Gasteizen ere izan da protesta ekimenik. Ehunka izan dira orotara ‘Gotorlekuei ez, giza ezkubideak ez dira negoziatzen’ lelopean bildu direnak, Europar Batasunaren politikak salatu eta migranteen giza eskubideak errespetatzea aldarrikatuz.

Azpimarra berezia egin zaio aipatu ekimenetan Bilboko Portuan dagoen «lotsaren harresiari», baita pertsona migranteek erroldatzeko edota oinarrizko eskubideak izateko dituzten zailtasunei ere.