naiz
Bilbo

«Munduaren irakurketa feminista» helburu, Ernaik Urrats Feminista barne prozesua martxan jarri du

Ernai gazte antolakundea barne prozesu feministan sakontzen ari da eta, bide horretan, II. Urrats Feminista aurkeztu du. Honen bitartez, «iritzi feminista eta munduaren irakurketa feminista egiten laguntzea» dute jomuga.

Bilboko Alde Zaharreko Zirika herri gunean aurkeztu zuten Ernairen I. Urrats Feminista. (ERNAI)
Bilboko Alde Zaharreko Zirika herri gunean aurkeztu zuten Ernairen I. Urrats Feminista. (ERNAI)

Ernaik II. Urrats Feminista, gazte antolakundearen barne prozesu feminista, aurkeztu zuen ostiralean Bilboko Alde Zaharreko Zirika herri gunean. «Bide luze bat hasteko urrats bat» da prozesua.

Proiektu honen bitartez, «esperientzia eta bizipen ezberdinak» elkarbanatu dituzte Urrats Feministaren lehen edizioan parte hartu zuten kideekin. Tartean, Joxemi Zumalabe Fundazioako kideetako bat prozesuaren garrantziaz mintzatu da. «Metodologiak, erabilitako denborak eta sortutako materialak daukaten balioa» azpimarratu du.

Era berean EH Bilgune Feministako beste kide bat gazte antolakundearentzat feminismoa «estrategikoa» izatearen garrantziaz mintzatu da. «Neska gazteok saretu eta antolatzeak burujabetza feminista irabaztera eramango gaituzte», nabarmendu du.

Prozesu honen bitartez, gazte antolakundeak «iritzi feminista eta munduaren irakurketa feminista egiten laguntzea» du jomuga. «Feminismoa transbertsal bihurtzea izango da apustu nagusia. Ernai feminista militante feministaz osatuta egongo da. Gainera, dinamismoa ekarriko du II. Urratsak. Dinamikoa eta moldagarriagoa izateko helburuarekin, maizago lantzeko edukiak eskainiko dira. Komunitatearekin lanketa berezia jorratzeko aukera emango du», adierazi du Ernaik.