NAIZ
BILBO

Larrabetzuko Independentzia Egunerako deia, deiadar mendien tontorretatik

Sollube, Oiz, Gorbeia, Ganekogorta eta Kolitza deiadar mendien tontorretatik, igande honetan Larrabetzun ospatuko den Independentzia Egunean parte hartzeko deia egin dute.

Independentzia Egunerako deia, Gorbeiatik. (INDEPENDENTISTAK)
Independentzia Egunerako deia, Gorbeiatik. (INDEPENDENTISTAK)

Erdi Aroan hasita, bost mendien tontorretatik (Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollubetik) egiten zen, Bizkaiko Batzar Nagusietara joateko soinua eta sua erabilita.

Gaurkoan, Independentistak Sarearen ekimenez, bost tontorretatik egin dute igande honetan ospatuko den Independentzia Egunean parte hartzeko azken deia.

Sareak ohar batean azpimarratu duenez, «menpekotasunean ez dugu etorkizunik» eta, hortaz, «burujabetza berreskuratzeko bideak sakon aztertu, urratsak zehaztu eta ibiltzen hasteko» ordua dela adierazi dute.

«Milaka gara bere buruaren jabe den herri batek etorkizun hobea izango duela sinesten dugunok eta halantxe erakutsi dugu herriz herri burutu diren galdeketetan. Estatu propio bat gura dugu denari buruz geuk erabakitzeko», esan dute.

Horixe da, hain zuzen, Larrabetzuko Independentzia Egunean argi utzi nahi dutena: «Etorkizuneko Euskal Herria gaurdanik, herri independiente bat, arloz arlo, eguneroko bizimoduari aurre egiteko baliabide eta ilusio nahiko eta gehiago dituena, bere herritar guzti-guztien ongizatea bermatuko dituena».

Larrabetzuko egunaren leloari aipamena eginez, aldarri argia egin dute: «burujabe hobe». Hala, deiadar mendien tontorretatik independentista guztiei deia egin diete Independentzia Egunean parte har dezaten.