NAIZ
BILBO

Politika utziko duela iragarri du Ramon Jaureguik

PSEk eta Euskadiko Ezkerrak bat egin zuteneko 25. urtemugaren harira Bilbon egin den ekitaldia aukeratu du Ramon Jaureguik politika aktiboa utzi egingo duela iragartzeko. Erabaki hori 2019an gauzatuko da, Europako Legebiltzarreko legealdia bukatzen denean.

Politika aktiboa uzteko erabakiaren berri eman du Jaureguik Arriagako ekitaldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Politika aktiboa uzteko erabakiaren berri eman du Jaureguik Arriagako ekitaldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko Arriaga Antzokian egin dute PSE eta Euskadiko Ezkerraren bat egitearen 25. urtemuga gogoratzeko ekitaldia. Hitzordu hori aukeratu du, hain zuzen, Ramon Jaureguik politika aktiboan izan duen ibilbide luzeari amaiera emateko hartu duen erabakia.

«Nire jardun poltikoa amaitzen ari da eta ez dut agur esateko hau baino une egokiakorik aurkitu», adierazi du. PSOEko eurodiputatu da egun Jauregui eta martxan dagoen legealdia bukatzen denean, 2019an, gauzatuko da bere agurra.

«Muchas gracias, eskerrik asko», esanez bukatu du alderdikideen aurrean egin duen hitzartzea eta ondoren txalo zaparrada jaso du.

70 urte beteko ditu aurki Ramon Jaureguik eta azken hamarkadetan ardura eta kargu desberdinak hartu ditu bere gain. 1983 eta 1986. urteen bitartean, Gobernu espainolaren ordezkaria izan zen EAEen. Politikari donostiarra aipatutako karguan egon zen hiru urte horietan, GALek 26 euskal herritar hil zituen atentatu desberdinetan.

1987tik 1991ra, Jose Antonio Ardanza jeltzalea lehendakari zela, Lakuako lehendakariorde izan zen.  1995ko urtarriletik 1997ko irailera, Justizia sailburu izan zen.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainoleko presidentea zela, Presidentziako ministro izan zen. 2009tik eurodiputatua da Europako Legebiltzarrean.

Horrez gain, PSEko idazkari nagusi izan zen ia hamar urtez, 1988tik 1997ra.