Jon Ormazabal
EIBAR

Pilotaren Katedrala erakusleiho

Giro bikaina espero da igande honetan Eibarko Astelenan jokatuko diren Emakume Master Cup txapelketako finaletan. Oihana Orbegozo-Alaitz Badiola Ainhoa Urien eta Amaia Vicarioren aurka lehiatuko dira promozio mailakoan eta Olatz Arrizabalaga-Leire Etxaniz Patri Espinar-Eneritz Arrietaren aurka lehen mailakoan.

Finaleko partaideak Eibarko Astelenan (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Finaleko partaideak Eibarko Astelenan (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Pilotaleku historikorik gertazen bada, hori Eibarko Astelena da. Bertatik aritutakoak dira kirol honen mitoren handienak eta igande eguerdian bertan banatuko dira Binakako Emakume Master Cup txapelketaren txapelak. Goizean egin dute zita historiko honen aurkezpena eta Patri Espinar, lehen mailako finalistetako batek adierazi duenez, Astelena betetzearen «erronka» dute pilotazale guztiek. Azpeitia eta Etxebebarrin autobusak ere antolatu dituzte eta giro bikaina ziurtatuta omen dago.

Ikuskizuna ere primerakoa izango da. Final nagusian, Olatz Arrizabalaga-Leire Etxanizek iaz lortutako txapelak defendatuko dituzte finalean lehen aldiz arituko diren Patri Espinar eta Eneritz Arrietaren aurka. Txapeldunak dira faboritoak, baina igandean Oñatin jokatutako finalerdian erabilitako taktika aldatu beharko dute. Zubikoa pilotalekuan 1.051 pilotakada jo zituzten Miren Larrarte eta Maider Mendizabalen aurka, baina iganderako beste zerbait pentsatu beharko dute. Patri Espinar eta Eneritz Arrietaren jokoa askoz erasokorragoa da eta gehiago arriskatzeko hautua egina dute.

Promozio mailakoan Oihana Orbegozo eta Alaitz Badiola azpeitiarrak Ainhoa Urien abadiñoarra eta Amaia Vicario donostiarraren aurka arituko dira. Igandeko finalerdietan bi bikoteek tanto bakarraz irabazi zituzten euren finalerdiak eta pronostikoa ez da horren garbia.

Jaialdia goizeko 11.30ean hasiko da, sarrera debalde izango da eta antolakuntzak bertaratzeko deia egin die pilotazale guztiei.