NAIZ
DAPCHI

Duela hilabete Nigerian bahitu zituen nesketako gehienak aske utzi ditu Boko Haramek

Boko Haram talde islamistak aske utzi ditu duela hilabete Nigeriako Dapchi herriko eskola batean bahitu zituen 110 haurretatik gehienak. Gobernuak emandako datuen arabera, 101 neskato aske daudela baieztatu ahal izan dute.

Dapchi herriko eskola honetan bahitu zituen Boko Haramek 110 neskatoak. (Aminu ABUBAKAR/AFP)
Dapchi herriko eskola honetan bahitu zituen Boko Haramek 110 neskatoak. (Aminu ABUBAKAR/AFP)

Boko Haram talde islamistak 110 neskato bahitu zituen joan zen otsailaren 19an Nigeriako Dapchi herriko eskola batean. 2014an Chibok herrian egin zuen bahiketaren ondoren handiena izan zen; orduko hartan 270 haur atzeman zituen.

Nigeriako lehendakariaren aholkulari Muhamadu Buharik azaldu duenez, Dapchin bahitutako 101 haur aske utzi dituztela baieztatu dute, eta erantsi du zifra hori eguneratu egingo dutela orduek aurrera egin ahala, izan ere, «neskak ez dizkiote inori entregatu baizik eta Dapchin utzi dituzte».

Lekuko batzuen arabera, haurretako batzuk Armadak zaindutako ospitale batera eraman dituzte. 

Nigeriako presidentetzatik esan dute egunean zehar nesken liberazioari buruzko xehetasun gehiago emango dituztela, baina erreskaterik ez dela ordaindu ziurtatu dute. Gobernuak «bide estraofizialetatik egin dituen ahaleginen bidez eta herrialdearen hainbat lagunen laguntzarekin» lortu du bahitutako umeak aske uztea, Lai Mohamed Informazio ministroak esan duenez.

Nesken askatasunaren albistea ‘Sahara Reporters’ egunkariak aurreratu du. Hedabide horren arabera, gutxienez 105 haur utzi dituzte aske eta beste bostak gatibu eduki dituzten bitartean hil dira. Boko Harameko milizianoek bederatzi ibilgailutan eraman dituzte haurrak; lehendabizi nesketako bat utzi dute aske Dapchi ondoko herri batean eta gero Dapchira joan dira, beste guztiak uztera. Bahitu zuten haur kristau bakarra, Liah Sheribu, ez dute askatu, iturri horrek zabaldu duenez eta bere aitak irrati bati baieztatu dionez.