naiz
Donostia

Otegik Miramarren zuen hitzaldia, bertan behera espainiar polizien mobilizazio bat dela-eta

Donostiako Miramar jauregian aurreikusia zegoen Arnaldo Otegiren hitzaldia bertan behera utzi du EH Bilduk, ordu eta leku berean guardia zibilek eta espainiar poliziek deitutako manifestazioa amaituko delako. «Besteen arduragabekeriaren aurrean, erantzukizunez jokatzea» erabaki du koalizioak.

Espainiar Poliziak eta Guardia Zibilek manifestazioa egin dute aurreneko aldiz, Donostian. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Espainiar Poliziak eta Guardia Zibilek manifestazioa egin dute aurreneko aldiz, Donostian. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Arnaldo Otegik gaur arratsaldean Donostiako Miramar jauregian hitzaldia eskaintzea aurreikusia zegoen, baina EH Bilduk bertan behera utzi du «erantzukizun politikoagatik», espainiar polizia eta guardia zibilek deitutako manifestazioa ordu eta leku berean amaituko zelako. Beste data bat zehaztuko du hitzaldi hori gauzatu ahal izateko. «Besteen arduragabekeriaren aurrean, erantzukizunez jokatzea» erabaki du.

«Litekeena da gure hiriaren historian inoiz ez amaitu izana manifestazio bat leku horretan, guk ez dugu horrelakorik gogoratzen. Horregatik, galdera hau egiten diogu gure buruari: zein da manifestazioa leku horretan amaitzearen helburua ordu horretan EH Bilduk ekitaldi bat deitu daukala jakinda?», adierazi du EH Bilduk ohar baten bidez.

Bide horretan, asteartean agindu judizialik gabe Guardia Zibilak burutu zuen operazioa ekarri du gogora koalizioak. «Orain, beren helburua da liskar larrien irudia erakustea Miramar jauregiaren atarian».

Lakuako Barne Sailaren erantzunkizuna ere nabarmendu du. «Nolatan eman du manifestazioa Miramarren amaitzeko baimena jakinda ezker subiranistak ekitaldia deitua zeukala leku horretan. Horrelakoak gertatzearen azken helburua zein den ere galdetzen diogu gure buruari».

Modu honetan «gure herriaren bakerako eta elkarbizitzarako txarrak diren egoerak» ez elikatzea lehenetsi du. «Bakearen alde modu demokratikoetan egindako lanari eutsiko diogu».