Nerea GOTI
BILBO

Euskaltzaindiaren mendeurrenean, egitarau zabala eta elkarlanean jarduteko ateak zabalik

Euskaltzaindiak erakundearen mendeurrena ospatzeko prestatu duen egitaraua aurkeztu du Bilboko egoitzan eta aurrera begirako erronkak azaldu ditu. Urrutiak nabarmendu duenez, «euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko baliatu» nahi du ospakizuna. Egitarauan, ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak daude, 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean egingo direnak.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien aurkezpena. (FOKU)
Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien aurkezpena. (FOKU)

Andres Urrutia euskaltzainburuak dei zabala egin dio euskal gizarte osoari «XXI. mende korapilatsu baina itxaropentzu honi ilusio berrituarekin ekiteko». Bilbon duen egoitzan aurkeztu du Euskaltzaindiak mendeurrenaren inguruan egiten duen hausnarketa, hurrengo urteetarako dituen erronkak zehaztu eta ehun urteko ibilbide hori ospatzeko prestatu duen egitarauaren zenbait zertzelada eman ditu. 

Bere hitzartzean nabarmendu du Urrutiak 1918-1919 urte bitarte hartan sorturiko akademia «euskararentzako erakunde aholku emaile ofiziala» bilakatu eta historian zehar «zin-zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu» duela, bere egitekoa gizartearen zerbitzua jarriz. Gaurkora etorrita, adierazi du euskaltzainburuak «bete-betean egon eta bizi nahi» dutela XXI. mendea eta azken urteetan hasitako bidetik jarraituko duela erakundeak denbora berriek eskatzen dutenari egokitzen beharrezko aldaketa eta ahaleginekin. Urrutiak bota duen mezuan, elkarlanaren beharra nabarmendu du eta euskararen akademiak aspalditik duen «zerbitzu bokazioa azkartu eta indartu» nahi duela. 

Logo berria eta ‘Euskara lehuntzen’ leloa estreinatu ditu Euskaltzaindiak. Ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak antolatuko ditu ospakizunaren barruan, baina egitarau akademikoan zentratu dira gaur. Hurrengo irailean hasiko dira eta 2019ko urrira arte luzatuko dira. Guztira bederatzi jardunaldi antolatu ditu arlo akademikoari dagokionez, euskararen lurralde guztietan egingo dira eta «Euskatzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiei buruzkoak», azaldu dutenez. Era berean, nabarmendu dute nazioarteko izaera izango dutela.

Lehenengo hitzordua Baionan izango da hurrengo irailean, eta ‘Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena’ izango da gaia. Aurreratu dutenez, 60. hamarkadan euskara batuaren oinarriak lanzteko egin ziren bilkuretan jasotako ekarpen nagusiak berreskuratu eta aztertuko dira. Bigarren gaia ‘Euskararen Batasuna’ izango da eta Arantzazun kokatuko da jardunaldia, urrian. Hizkuntza eskubideak, ahoskera, dialektologia jardunaldia eta erakusketa, literatura, onomastika, gramatika eta teknologia berriak eta euskara izango dira jorratuko diren beste gaiak.