NAIZ
IRUÑEA

Osasunbidean behin-behinekotasunari aurre egiteko neurriak eskatu ditu LABek

Gaur Kontu Ganbarak publiko egin duen txostena irakurrita, Nafarroako Gobernuak Osasunbidean behin-behinekotasuna zuzentzeko neurriak hartu behar dituela adierazi du LAB sindikatuak. «Halako zenbakiekin ezinezkoa da kalitatezko osasun zerbitzurik bermatzea», nabarmendu du.

Kontu Ganbararen egoitza, Iruñean.
Kontu Ganbararen egoitza, Iruñean.

«Urteak daramatzagu arreta deitzen gaur Nafarroako Kontuen Ganberak seinalatu dituen gai berberen inguruan. Onartezina da behin-behinekotasuna %51koa izatea eta onartezina da kontratazioetan dagoen deskontrola (nahiz eta onartu behar den UPNrengandik jaso genuen kaosa zertxobait konpondu dela)», adierazi du LABek prentsa ohar batean.

«PPren Madrilgo Gobernuak Lan Eskaintza Publikoetan inposatu dituen murrizketa politikek sortu dute hau guztia; bai eta UPNk eta PSNk Nafarroan garatu dituzten politikek ere. Eta, zoritxarrez, Geroa Bairen Gobernuaren ekimen faltak ere ez du arazoa txikitzen lagundu», gaineratu du sindikatuak.

Gauzak horrela, ezinbestekotzat jo du LABek Osasunbidean pairatzen den behin-behinekotasuna zuzentzeko neurriak hartzea. «Horretarako, Lan Eskaintza Publikoak egin behar dira, kategoria guztietan, benetako behin-behinekotasuna %8 baino handiagoa ez izatea lortze aldera», aldarrikatu du LABek.

Kontu Ganbararen txostenaren arabera, %51an kokatzen da behin-behinekotasuna Osasunbideko langileen artean. Egoerak okerrera egin du azken bost urteotan %23 hazi baita. Honez gain, epe motzeko kontratuak ustiatzen dituen programa informatikoak gabeziak dituela eta benetako datuak aztertzeko lana zailtzen duela gaineratu du Kontu Ganbarak.