naiz
Donostia

Emakumeen traineruen Euskotren Liga zortzi jardunalditik 14ra igaroko da aurten

Emakumeen traineruen Euskotren Ligak 14 jardunaldi izango ditu aurten, iaz baino zortzi gehiago, eta estropada bakoitzeko irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du. Lehiaketa kanporaketa batekin hasiko da, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, Portugaleten eta Zierbenan, hurrenez hurren, eta bukaera Zarautzen izango da, abuztuaren 18 eta 19an.

Azken hiru edizioetan San Juanek irabazi du Euskotren Liga. (Gorka RUBIO/FOKU)
Azken hiru edizioetan San Juanek irabazi du Euskotren Liga. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskotren Ligaren egutegia zortzi estropadatik hamalaura igaroko da, gizonen ligaren parean jarriz, Donostian egindako agerraldian azaldu dutenez. Horrez gain, estropada bakoitzaren bukaeran, traineru irabazleari 4.000 euroko saria ematea erabaki da.

Euskotrenen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planak emakumeen eta gizonen arteko «desoreken murrizketan aurreratu» egin nahi du, kirol ekintzetan emakumeen parte hartzea sustatuz.

Orain arte, Euskotren Ligan titulu gehien lortu duen trainerua egungo txapelduna da, San Juan Iberdrola, laurekin, eta Zumaia dator ondoren, bi titulurekin. Galiziak -lehenengo denboraldian-, Gipuzkoak eta Getaria-Tolosak titulu bana dute.

Aurtengo lehia Portugaleten eta Zierbenan hasiko da, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean. Azken proba, aldiz, Zarautzen izanen da, abuztuaren 18 eta 19an.

Lakuaren esku dagoen Euskotren sozietate publikoak eta Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) datozen hiru urteetarako emakumeen traineruen Euskotren Ligako babesle akordioa sinatu dute. Modu honetan, Euskotrenek zein TKEk emakumeen ligari bultzada eman nahi izan diote datozen hiru denboraldietarako.