naiz
Angelu

Macronen politiken aurka eta zerbitzu publikoen defentsan 1.500 lagun inguru bildu dira Angelun

LAB, CGT eta Sud Solidaire eta Bizik deituta, 1.500 lagun inguru bildu dira Angelun, zerbitzu publikoen defentsan eta Emmanuel Macronen erreformen aurka protesta egiteko.

LABen blokea Angeluko mobilizazioan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
LABen blokea Angeluko mobilizazioan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

1.500 lagun inguru, Mediabaskek adierazitakoaren arabera, kalera atera dira Angelun, Emmanuel Macronen politiken aurka eta zerbitzu publikoen defentsan. LAB, CGT eta Sud Solidaire eta Bizik deituta, bildu dira pribatizazioaren aurka.

Azken asteetan greban egon diren trenbideetako langileak ere bertan izan dira. «Erreforma bat aldarrikatzen dugu, langileen eta trenak erabiltzen dituztenen beharrak kontuan hartu behar dituzte, ez liberalizazioa arazoen konponbide bezala aurkeztu», adierazi du CGTko kide den Sebastien Jelezek.

Mobilizazio honen bitartez, «gauden gizartearen salaketa» egin nahi izan dute. «Kapitala erasotzen dugu, kapitalak eraso egiten digulako», gehitu du Jelezek. Sindikatu guztien aldarrikapenak batu dira bidean.

Giro alaitsuan egin du aurrera mobilizazioak. Produktoaren banaketan ere jarri nahi izan dute gakoa. «Carrefourrek ez ditu irabazkiak akziodunen artean baino banatzen», gehitu du CGTko Peio Dufauk. Hau salatzeko Carrefour dendara sartzen saiatu dira, nahiz eta segurtasun langileek kanporatu egin dituzten. «Milaka lanpostu desegin dituzte, langileen baldintzak hobetu eta soldaten igoera ere beharrezko da», azpimarratu du Dufauk.

Pentsiodunak, Gant Casinoko langileak, funtzionarioak, abokatuak edo osasun langileak ikusi ahal izan dira mobilizazioan.