NAIZ
BILBO

Lanbiden arreta eredu berria ezartzearen aurka greba deitu dute ELA, LAB, CCOO eta UGTk

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dituzte Lanbideko langileak datorren maiatzaren 10ean, arreta eredu berriaren ezarpenaren aurka. Eredu berria «geldiarazteko» eta «benetako negoziazio prozesua» hasteko eskatu diote Lakuako Gobernuari.

Sindikatuetako ordezkariek Lanbiden greba egiteko deialdia erregistratu dute. (@LABsindikatua)
Sindikatuetako ordezkariek Lanbiden greba egiteko deialdia erregistratu dute. (@LABsindikatua)

ELA, LAB, CCOO eta UGTk kaleratu duten oharrean adierazi dutenez, Lanbideko bulegoetan «inposatu nahi den» arreta eredu berriaren «guztiz kontra» daude. Sindikatuon arabera, zuzendaritza «aldebakarreko pausoak» ematen ari da, eta pauso horiek «erakundeko langileen oinarrizko eskubideak urratzen dituzte».

«Lanbidek inposatu nahi duen arreta eredu berriak nabarmen okerragotzen ditu ematen den zerbitzua eta langileen lan baldintzak», salatu dute.

Ildo horretan, eredu berriaren ezarpena geldiaraztea proposatu dute, eta «Lanbidek izan behar dituen egitekoekin bat datorren eredu berri baten beharra» nabarmendu dute, «enpleguaren politika aktiboak alde batera utzi gabe».

Horrela, zenbait hilabetetan elkarrizketak izan ondoren, «zoritxarez, eredu berriaren ezarpenak aurrera» jarraitzen duela kritikatu dute, sindikatuen eskaerak «kontuan hartu gabe». Gainera, Lakuako Gobernuko Enplegu sailburuordearekin eta Lanbideko zuzendariarekin izandako azken bileraren ondoren, «ez omen dute arreta eredu berriaren geldiarazteko asmorik».

«Eredu berria abiaraziko dute langile gehienen iritziaren aurka, sindikatu bakar baten sostengurik gabe, eta herritarrentzako zerbitzuaren kalitatearen kaltetan», ohartarazi dute.

Horrenbestez, langileekin egindako bileretan «babes zabala» jaso ondoren, ELA, LAB, CCOO eta UGTk erabaki dute apirilaren 27an lantokietan elkarreteratzeak egitea lantokien aurrean eta maiatzaren 10erako greba deialdia erregistratzea.