NAIZ

Garaipen argiak erdietsi dituzte Athletic eta Realak

2-0 nagusitu dira lehoiak Lezaman Albaceteren aurka, eta 1-4 irabazi dute donostiarrek etxetik kanpo, Santa Teresaren aurka. Liga erregularra amaitzeko jardunaldi baten faltan, azken fasea jokatzeko sailkatzear daude bi taldeak.

Lezaman geratu dira hiru puntuak. (FOKU)
Lezaman geratu dira hiru puntuak. (FOKU)

Etxean jokatu du Athleticek, Albaceteren aurka. Aurki jarri zaie neurketa alde lehoiei, 14. minuturako egin baitu partidako lehen gola Vanessa Gimbertek. Atezain aurkariaren aldaratze bat aprobetxatu du arean txikian baloia sareetara bidaltzeko.

Kontrolpean izan du neurketa Athleticek, eta atsedenaldira iritsi aurretik izan ditu bizpahiru aukera on bigarrena egiteko. Baina, nahi baino gehiago tardatu du neurketako bigarren eta azken golak.

Ez du neurketa arriskuan izan Athleticek, eta 88.ean egin du Erika Vazquezek behin betiko emaitza ezarri duen gola.

Errazago suertatu zaio garaipena eskuratzea Realari. 21. minutuan ireki du markagailua Nahikari Garciak, eta hortik aurrerakoa erraza suertatu zaio.

Gol gehienak bigarren zatian iritsi dira. Nahikari Garcia bera izan da bigarrena egin duena ere, 49. minutuan, eta hirugarrena ere berak egin du, 59.ean. Neurketa erabat bideratuta, etxekoen gola iritsi da 71.ean. Eta zalantzarik bazen, guztiak uxatzeko laugarrena egin du Realak, Claudia Zornozaren bidez 81. minutuan.

Liga erregularra amaitzeko jardunaldi baten faltan, eskura dauka Realak azken fasera sailkatzeko txartela. Momentuz, bi puntuko aldea ateratzen dio bederatzigarren sailkatuari. 

Liga erregularreko azken neurketa derbia izango da, eta Anoetan jokatuko dute.