naiz
Osimo

Mahai gainean kolpea eman du Simon Yatesek Giroko 11. etapa irabazita

Lehen erdia bete du Giroak eta, orain arte behintzat, ez dago dudarik. Simon Yates da txirrindularirik indartsuena. Osimoko harresietan amaitu da gaurko etapa eta Mitcheltonekoa izan da indartsuena. Segundoak gehitu dizkie aurkari guztiei eta Chri Froome izan da, berriz ere, galtzaile nagusia. (Sailkapenak, etapak... NAIZen webgune berezian).

Yates izan da 11. etapako indartsuena eta gertu izan du Dumoulin. (Luk BENIES / AFP)
Yates izan da 11. etapako indartsuena eta gertu izan du Dumoulin. (Luk BENIES / AFP)

Simon Yates da, gaur arte, Giroko protagonista nagusia. Eta gaur berretsi egin du zergatik dagoen arrosaz jantzita. Italiako Giroko ohiko etapa izan dute gaurkoa, aldapaz jositakoa eta, amaieran batik bat, kale estuetan barrena erabaki dena.

Ihesaldirako egun aproposa ere bazen gaurkoa, eta saiakera horretan abiatu dira bost lagun. Luis Leon Sanchez, Fausto Masnada, Marco Maestri, Alex Turrin eta Alessandro de Marchi k bidea egin dute, baina Lotto-Soudalek eta Lotto-Jumbok ez diete errenta askorik utzi, Tim Wellens eta Enrico Battaglinek azken metroetan izango zituzten aukeren esperantzaz.

Helmugarako bost kilometroren faltan Osimoko harresien inguruan lehen igoera bat egin dute, eta bertan, Zdenek Stybar eta Wellens beraren erasoak amaiera jarri diote ihesaldiari. Metro batzuk hartu dituzte eta hala aurkeztu dira azken bi kilometroetako igoeran. Baina hasi bezain azkar liderrak erasoa jo du eta azkar batean utzi ditu denak atzean.

Tom Dumoulin, iazko Giro irabazi zuen eta aurtengoan bigarren den holandarra abiatu da haren atzetik. 10 metroko tartea ezin izan du itxi Sunweb taldeko txirrindulariak eta modu honetan aurkeztu dira helmugan. Atzerago oraindik iritsi dira gainontzeko faboritoak. Gaurko galtzaile nagusia, berriz ere, Chris Froome izan da, 40 segundo inguru utzita. Gero eta urrutiago du Giro hau irabazteko aukera.

Lidertzan jarraitzen du Yatesek, eta ezustekorik ezean, arrosaz jantzita iritsiko da larunbateko etapara, zeinetan Zoncolan igo beharko duten. Bertan izango du azterketa nagusia.

Bihar 214 kilometroko etapa izango dute txirrindulariek, Osimo eta Imolako zirkuitua lotzeko. Esprinterrentzako etapa da biharkoa, baina laugarren mailako igoera bat gainditu beharko dute helmugatik zortzi kilometrotara, erasoentzako aukerak ahalbidetuz.