naiz
Legazpi

Sabrina Stultiens holandarra da Birako lehen liderra, Legazpiako helmugan bakarrik aurkeztuta

Waow Deals taldeko Sabrina Stultiensek irabazi du Emakumeen Birako lehen etapa. Legazpin hasi eta Legazpin bertan amaitu da etapa, eta holandarra izan da azkarrena amaiera nahasi batetan, zeinetan berarekin batera zetozen Anna van der Breggen, Annemiek van Vleuten eta Ashleigh Moolman-Pasio faborito nagusiak atzean utzi dituen. 

Birak lehen egunetik aurkeztu du onenen arteko borroka. Eizagako gaina izan da eguneko epailea, birritan igo behar izan dute-eta, azken aldiz helmugatik bost kilometrotara. Azkenekoz igotzen hasterako aurreratuta zeuden Van Vleuten, Van der Breggen eta Stultiens bera. Gerora batu zaie Moolman-Pasio.

Beste 20 txirrindularik osatzen zuten tropelarekiko minutu inguruko tartea zuten, baina gainetik helmugarako bidean zeuden bost kilometrotan ez dute elkar ulertu eta elkarri begira jardun dute. Tropela gero eta gehiago gerturatu da.

Tropelak irentsi aurretik salto egin du Stultiensek eta gainontzekoek ez dute bere atzetik joateko asmorik agertu. Hala, atzeko taldeak harrapatu ditu ostegunean Durangon garaile suertatu zen Van der Breggen, bigarren izan zen Van vleuten eta iazko Bira irabazi zuen Moolman-Pasio.

20 segunduko aldearekin iritsi da Legazpira Waow Deals taldeko txirrindularia eta errenta polita hartu du biharko erlojupekoari begira. Agurain eta Gasteiz lotuko dituzte 27 kilometroko bakarkako lanean, eta azken sailkapenari begira alde handiak ezarri ditzakeen eguna izango da.