NAIZ
TOLOSA

Tolosako La Asuncion klinikan akordioa lortu eta mobilizazioak bertan behera utzi dituzte

Tolosako La Asuncion klinikako langileek bertan behera utzi dituzte hilabete honetarako aurreikusiak zituzten lanuzte eta mobilizazioak, zuzendaritzarekin lan baldintzen inguruan akordioa lortu ostean.

Tolosako La Asuncion klinikako langileak. (ELA.EUS)
Tolosako La Asuncion klinikako langileak. (ELA.EUS)

La Asuncion klinikako langileen batzordeak –ELA eta LAB– jakinarazi duenez, lehenenengo enpresa hitzarmena lortu dute eta bertan beren lan baldintzak jasotzen dituen «oinarri solido bat» bermatu dute. Horrenbestez, hilabete honetarako aurreikusiak zituzten lanuzte eta mobilizazioak bertan behera utzi dituzte.

Langileek eta zuzendaritzak lau urterako akordioa sinatu dute, 2018tik 2021era. 2017rako %1,5eko soldata igoera aurreikusten du eta 2018tik 2021era Osakidetzako langileei aplikatuko zaien igoera berbera aplikatuko zaie, gutxieneko bermea KPI izango delarik. Lan jarduna ere murriztuko dute, 40 ordura arte, ultraktibitate klausula izango dute eta ordu estra bakoitzaren ordainetan bi eguneko atsedena izango dute. Kontziliazioa hobetzeko urratsak ere eman dira, eta langileek euskara ikasteko %100eko diru-laguntza izango dute.

ELAk eta LABek gogoratu dute mobilizatzen daramatzaten sei urteak «zailak» izan direla eta langileek akordio batera iristeko «prestutasuna» adierazi eta pausoak eman dituzten arren, «enpresak ez du inongo borondaterik izan».

«Bere helburua langileak desgastatzea izan da, negoziazio mahaia blokeatuz, errealitatea gezurrez estaliz, zerbitzu minimoak ez errespetatuz, aldebakarreko erabakiak hartuz, komitea desprestigiatuz, negoziazio arauak ez betez, langileak presionatuz...», salatu dute ohar batean.

Lakuako Osasun Sailaren jarrera ere «lotsagarria» izan dela uste dute, ez duelako esku hartu, «behin eta berriz» eskatu arren.

«Tolosaldeko 65.000 biztanleak eta Asuncioneko langileak axola ez zaizkiola argi utzi du. Tolosaldeko hainbat udaletan agintean dauden alderdi politiko batzuek, horien artean EAJ eta PSOEk, bizkarra eman digute, ez dute inongo interesik adierazi beren begien parean gertatzen ari zenaren eta gertatzen ari denaren aurrean», erantsi dute.

Asuncion klinikako langileen iritziz, Tolosaldeko biztanleen eta bertako eragile sozialen elkartasunari esker, grebalariei esker eta «beren borondatearen kontra zerbitzu minimoak bete behar izan dituzten langileei esker, enpresak zituen marra gorriak haustea» lortu dute, «borroka hau irabaziz».

Hala ere, sinatu behar duten hitzarmena bere osotasunean bete dadin lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, «baita osasun zerbitzua kaltetzen duten irregulartasunen aurka ere».

La Asuncion enpresa pribatua da, Osakidetzarekin kontzertatua, Tolosaldeko ospital gisa funtzionatzen duena. 65.000 biztanleko eremua hartzen du eta 300 langiletik gora ditu.