NAIZ
DONOSTIA

Oikian ospatuko dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren 31. edizioa, ekainaren 10ean

‘Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik’ lelopean, ekainaren 10ean Oikian egingo dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute, «gutxirekin asko egiteko indarra» ospatzeko asmoz.

Ekainaren 10ean Eskola Txikien Festara gerturatzeko deia egin dute Oikian. (NAIZ)
Ekainaren 10ean Eskola Txikien Festara gerturatzeko deia egin dute Oikian. (NAIZ)

Oikian duten agerraldiarekin, ekainaren 10ean toki horretan bertan egingo duten Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festa aurkeztu dute eta egun osorako prestatu duten ekintzetan parte hartzeko deia egin diete eskola txikien aldarrikapenarekin bat egin nahi duten guztiei.

Oikiako eskolako zuzendariak, Itziar Garciarenak, azpimarratu du «ilusio handia» egiten diela festa antolatzeak. «Festa hau ezinbestekoa da eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko eta herrietako eguneroko bizitzan duten eragina azpimarratzeko», esan du.

Garciarenaren esanetan, herri eta auzo txikien «altxorra» dira eskola txikiak: «bertan, umeak aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Eskola txikiak eskola modernoak eta kalitatezkoak dira».

Azpimarratu du bertan egunero erakusten dutela «gutxirekin asko egiteko indarra» daukatela eta, hori da, hain zuzen, ekainaren 10ean ospatu nahi dutena. Dagoeneko Oikiako ikasleak buru-belarri ari dira lanean, koreografiak, kartelak edota margoak prestatzen.

Herrian zehar bost gune egongo dira eta «mimo bereziz» ari dira egun osorako egitaraua lantzen. Goizeko 10.30etan hasita egingo den harrera ekitaldiaren ondotik, ez da egiteko eta ikustekorik faltako: jolasak, tailerrak, puzgarriak, Zumaiako Musika Bandarekin dantza saioa, Potxin eta Patxin pailazoak, apar festa edota zaldi, pottoka eta ponietan ibiltzeko aukera, besteak beste.

Trafikoari lotuta ohartarazpen bat ere egin dute. Egun horretan Gure Esku Dagok antolatutako giza katea egingo denez, kanpotik Oikiara hurbilduko den jendeari A8 autobidean 48. irteeera hartzeko gomendioa egin diote, Zumaia-Zestoako irteera, eta Zestorako bidea hartuta, ondoren Iraeta-Aizarnazabal-Oikia bidea egitea. Oikiako industriagunean egongo dira aparkalekuak, Siemens eta Xey enpresen inguruan.