NAIZ
DONOSTIA

Asier Oiartzabal preso andoaindarra Lannemezaneko espetxera gerturatu dute

Asier Oiartzabal preso andoaindarra Lannemezaneko espetxera gerturatu dute. Saint Maur-eko kartzelan zegoen azken euskal preso politikoa zen. 

Asier Oiartzabal euskal presoa Lannemezaneko espetxera lekualdatu dute gaur, Saint Maur-eko kartzelatik (680 kilometrora), bere gertukoek eta Etxeratek NAIZi baieztatu diotenez.

Andoaindarra da Oiartzabal eta ia hamazazpi urte daramatza preso Estatu frantsesean. 2001eko irailaren 23an atxilotu zuten, Akizen, eta 30 urteko zigorra ezarri.

Bere askatasuna aldarrikatzeko hainbat ekintza burutu zituzten bere herrian, horien artean giza kate bat. Berak bidalitako mezua entzun zuten parte hartu zutenek.

Oiartzabal Saint Maur-eko espetxean geratzen zen azken euskal presoa da.

Berekin, hamalau dira dagoeneko azken hilabeteotan agintari frantsesek Lannemezan eta Mont de Marsaneko kartzeletara gerturatu dituzten euskal presoak. Bi horiek dira Euskal Herritik gertuen daudenak, lehena 230 bat kilometrora eta bigarrena, aldiz, 330 kilometrora.

Azken lekualdatzea Luis Iruretagoiena ‘Suni’ tolosarrarena izan zen, joan zen maiatzaren 17an. Kasu horretan, Alençonetik Mont de Marsanera eraman zuten.

Beste preso bat, Joseba Fernandez Aspurz, Euskal Herritik 450 kilometrora dagoen Mureteko kartzelara lekualdatu zuten.