Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Arrano Etxea

Ez dira txantxetako zenbakiak. Joandako 32 urtetan, Donostiako Arrano Etxean 10.543 animalia sartu dira, zauritutakoak edo nagusiek bazterrean utzitakoak. Bada, hirutik bi bere onera ekarri dituzte boluntarioek. Oraintxe ere animali mordoa dago Igeldoko lursail honetan, istripuz edo gizakien erruz izandako zaurietatik edo utzikeriatik errekuperatzen.

Arrano Etxean dauden hainbat zapelatz. (Gotzon ARANBURU)
Arrano Etxean dauden hainbat zapelatz. (Gotzon ARANBURU)

Itsasoari begira dagoen Igeldoko aldean dago Arrano Etxea. Berez, etxe eta lursail partikularra da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kide, Joxan Albisu eta Txema Faus, izan ziren martxan jartzeko lanik handiena egin zutenak 1985ean. Gipuzkoak ez zuen orduan basa abereak jasotzeko zentrorik, eta berehala sinatu zuten hitzarmena Aranzadirekin, epe labur bat iraun zuena, eta Gipuzkoako Aldundiarekin ondoren, gaur egun ere indarrean jarraitzen duen hitzarmena. Joxan eta Mertxe Garcia bere emaztea dira egungo kudeatzaileak, boluntarioak; zentroko lana egiten duten beste pertsona batzuk bezala musu-truk aritzen dira. Zerbitzu osagarriak ere behar ditu zentroak. Horretarako, albaitaritza klinika batek Aldundiarekin hitzarmena dauka, eta soldatapeko langile pare bat ere badago. 

Lur sail handia hartzen du Arrano Etxeak, 6.000 metro koadro, eta hor daude animaliak, espezie bakoitza beretzako egoki prestatutako eremuan. Artitza Albisu boluntarioa izan dugu gidari eremuz eremu, eta berak kontatu digu errekuperazio zentroaren egunerokoa nolakoa den, baita hainbat aholku eman ere basa abere bat topatzen –edo etxean daukan espezie exotikoa uzten– duen edonork eman beharreko pausoez.

Izenean «arrano» daukan arren, edozein motako animaliak iristen dira Igeldoko zentrora. Bi eginkizun ditu zentroak: Gipuzkoako basa faunaren errekuperazioa, eta fauna exotikoaren erreskatea. Bigarren taldekoak urte osoan zehar iristen dira Arrano Etxera, bai jabeek ekarrita, ez dituztelako gehiago etxean eduki nahi edo ahal, edo bai kalean edo erreka bazterrean utzita topatuta norbaitek jaso eta hona ekarri dituelako.

Basa abereak ez dira urteko sasoi guztietan kopuru berean iristen, Artitzak esan digunez. Kontuan izan behar da Gipuzkoa migrazio tokia dela, eta ehiza tokia ere bai. Bi faktore horiek eragin nabarmena daukate Arrano Etxeko ingresoetan. Urtaroen arabera, negua itsas hegaztien garaia izaten da, udaberria eta uda kumeena, eta udazkena tiroa hartutako hegazti eta animaliena. Errepide ertzeetan jartzen dituzten plastikozko panel gardenen kontra hegazti askok jotzen dute, eta horien sarrerak urte osoan gertatzen dira.

Zapelatzak, urubiak, dortokak...

Eguneko hegazti harrapakarien artean ugariena zapelatza da Arrano Etxean, eta gauekoen artean urubia. Animali exotikoen artean, ohikoenak Floridako dortokak dira. 

Zainketa toki batean ulertzekoa denez, sareekin itxita daude eremu ezberdinak. Hegatoki moduan prestatutakoek sare potoloagoak dauzkate, hor dauden hegaztiek indarra ia guztiz berreskuratuta daukatelako, hegan joateko adina. Errekuperazioaren azken zatia hor egiten dute hegaztiek; aurretik kolpeek, tiroek edo bestelakoek eragindako zauriak sendatu ondoren iristen dira hona, giharrak indartzera, eta espazio handiagoak direnez, berriro hegan egiten ohitzera. Eremu horretan gizakiarekin ahalik eta harreman txikiena daukate. Estalita egoten dira hegatokiak, eta langileek zirrikitu batetik behatzen eta elikatzen dituzte. Helburua, jakina, naturan berriro bizitzeko ahalik eta prestatuen egotea askatzen dituztenean.

Ahateak, saiak, zapelatzak, urubiak… denetariko hegaztiak daude Arrano Etxean. Ugaztunak ere bai, esaterako orkatzak. Azeriak ere eduki izan dituzte. Dortokak ere dezente daude, esan bezala. Bakoitzak bere beharretara egokitutako espazioa dauka, bai lehorrekoek eta bai uretakoek.  

2002.a oso urte berezia izan zen Arrano Etxearentzat, urte hartan gertatu baitzen Prestige ontziaren hondamendia. 655 sarrera izan ziren, eta 260 berriro askatzea lortu zuten. Artitzak ondo gogoan du urte hura, eta zenbat lan egin behar izan zuten petrolioak estalitako hegaztiak garbitzen. Beste urte aipagarria 2014.a izan zen. Orduko hartan oso itsaso txarra izan zen, eta itsas hegazti asko erabat ahulduta eta akituta iritsi ziren Arrano Etxera. 

«Dagoen egoeraren araberako tratamendua jasotzen dute hona ailegatzen diren animaliek. Adibidez, petrolioak hartu zituen haiek garbitu eta elikatu egin behar ziren, eta ondoren askatu, besterik gabe. Baina tiroa jota etortzen direnek ebaketa bat izaten dute, edo inmobilizazio bat. Horrek denbora eramaten du. Gero bendajea kendu, hegoa edo hanka ondo osatu dela egiaztatu, hegatokira eraman… azkenerako atentzio dezente eskatzen dute zaurituek». Habiatik erorita eta basoan galduta geratu diren hegaztien kasuan, ondo elikatzea da gakoa. Oso txikiak diren bitartean etxe barruan elikatzen dituzte boluntarioek, hiruzpalau orduero jana emanez, haurrak balira bezala. Bere kasa elikatzen ikasten dutenean hegatokietara doaz, naturara itzultzeko erabat prest dauden arte. 

Topatutakoak Arrano Etxera eraman

Bide ezberdinetatik iristen dira hegaztiak eta bestelako basa animaliak Arrano Etxera. Asko basozainek ekartzen dituzte. Ertzainek edo udaltzainek ere ekartzen dituzte. Partikularrek ere bai, mendian topatuta. Azken hauentzako aholkuak eman dizkigu Artitzak. Lehenengo eta behin, argi utzi behar da Arrano Etxeari soilik dagokiola animali basatien zaintza Gipuzkoan. Alegia, norbaitek animalia bat zaurituta edo galduta aurkitzen badu basoan, dela tiroa jaso duelako edo dela kabitik erori delako, Arrano Etxearekin jarri behar da harremanetan, edo eskualdeko basozainekin, haiek jaso dezaten. «Kumeen kasuan, litekeena da ama handik ordubetera edo bira kumearen bila joatea, baina ez joatea ere gerta liteke. Horregatik, habiatik eroritako urubia, edo beste hegazti bat, topatzen duenak, gurekin harremanetan jarri beharko luke, hori da jokaera egokia» diosku Artitzak.

Izan ere, garrantzitsua da kume horiek behar bezala elikatzea, esate baterako hezurrak eta lumak dituzten janari pusketak emanez, gero naturan janari mota horren antzekoa topatuko dutelako. Gizakiaren harremanik ez izatea ere garrantzitsua da, bestela pertsonak laguntzat hartuko baitituzte, egia ez dena. Askatzeko unea, tokia… hori erabakitzea ere eskarmentua duten teknikoen kontua da. 

Prebentzio lana eta adopzioa

Beste arlo askotan bezala, basa animalien eta exotikoen zaintzan ere kaltea gertatu aurretik prebentzio lana egitea izaten da egokiena. Horregatik, Arrano Etxeko boluntarioek hitzaldiak ematen dituzte eskoletan, umeek natura eta animaliak errespetatzen ikasi dezaten. Esate baterako, dortokak eta bestelako animalia exotikoak ez erostea gomendatzen diete: ez da legez kanpokoa –basa abereak edukitzea baden bezala– baina jakin behar dute hemengo klima eta ingurumena ez direla, adibidez, animalia tropikalentzat egokiak. Eta dagoeneko erosita badauzkate, ba jakin dezatela iguanek edo Floridako dortokek zer espazio eta elikadura mota behar duten gutxieneko bizitza kalitatea edukitzeko.

Adopzio programa ere badu Arrano Etxeak animali exotikoentzat. Nahiz eta loro bat edo dortoka bat Arrano Etxean ondo dagoen, norbaitek adoptatu nahi badu, aukera hori irekita dago. Bertako teknikoek aztertuko dute adoptatzaileak eskaintzen duen tokiaren ezaugarriak egokiak diren, eta hala bada adopzio programan sartuko da. Garbi esanda: hemendik irteteko, hemen baino hobeto bizi den tokira joateko izan behar du.