@Ion_Salgado
Argantzun

Euskara, ikastola eta Trebiñuren aldeko aldarrikapen eguna Argantzunen

Milaka lagun bildu dira Argantzunen Araba Euskarazen parte hartzeko. Aurtengo edizioa berezia da, izan ere Argantzun Ikastola Trebiñun kokatutako ikastola txiki bat da, hau da, Burgoseko administraziopean dago.

Argantzun Ikastolako ikasleak hasierako ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Argantzun Ikastolako ikasleak hasierako ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Euskara, ikastola eta Trebiñuren aldeko aldarrikapen eguna izan da aurtengo Araba Euskaraz, Argantzunen ospatu dena. Izan ere, Gaztela-Leongo administraziopean dagoen udalerria da, euskararen ofizialtasuna ukatua dagoen lurraldea, arabar izaera ere ukaturik duena; euskaraz irakasteagatik diru-laguntzak ukatuak dituen ikastola txiki batek antolatu du aurtengo festa.

Milaka lagunek erantzun diote Argantzuneko ikastolaren deiari eta hala hurbildu dira Trebiñun dagoen herri honetara bere ekarpena egiteko. Araba Euskarazen lortzen den etekin ekonomikoa ikastolak aurrera egin dezan ezinbestekoa den Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Tamalez, eraikina ez da Trebiñun egongo.

Argantzun Ikastolako arduradunek Sagastietan, Araba ofizialean dagoen kontzejuan, emango diete Haur Hezkuntzako ikasleei ikasketak euskaraz egiten jarraitzeko aukera. «Bideragarritasuna lortzea da gure helburua», nabarmendu du guraso elkarteko kidea den Ziortza Bocanegrak, 2003. urtetik, ikastola sortu zenetik, gainditu behar izan dituzten oztopoak gogoratuz.

«Sortu eta hamabost urtetara lasai ibiliko ginela uste genuen, ikastola eta Trebiñuren afera guztiz konpondurik egongo zela imajinatzen genuen. Inozo samarrak izan ginela argi dago. Baina pentsamendu baikor horrek asko lagundu du egunez-egun lanean jarraitzeko orduan», adierazi du, eta lan horri esker ikastola inguruetako erreferente bilakatu dela ohartarazi du.

Irakasleek eta gurasoek gertuko ikastola sortu dute, irekia, Euskal Herriko ikastolen elkartasunarekin aurrera egin duena. «Bastida eta Armentia ikastolak emandako laguntza azpimarratzekoa da eta Argantzungo Udala ere hor egon da beti», azpimarratu du Bocanegrak. Gaur ere jaso du ikastolak Argantzungo alkatearen babesa.

Roberto Ortiz de Urbina hasierako ekitaldian hartu du parte, eta Gaztela-Leongo Gobernuak ezarritako trabak salatu ditu. «Diru-laguntzak ukatu dituzte», ohartarazi du, eta, Trebiñuko afera konpontzen ez den bitartean, diru-laguntzak bermatzea eskatu die erakundeei. «Onartu behar dira, ezin dira egoera politikoaren baitan egon», gaineratu du.