NAIZ

Euskal selekzioen aldeko mendi martxa, Deikaztelutik Agoitzera

Urtero euskal selekzioen ofizialtasunaren alde antolatu ohi duten mendi martxak Deikaztelu eta Agoitz lotuko ditu aurten «Nafarroatik mundura ofizialtasuna» lelopean. Uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 4an amaituko da eta izena emateko epea ireki dute dagoeneko.

Aurtengo mendi martxarako aukeratu duten irudia. (Mendimartxa.eus)
Aurtengo mendi martxarako aukeratu duten irudia. (Mendimartxa.eus)

«Euskal Selekzioa Martxan, Nafarroatik mundura ofizialtasuna!» lelopean izango da 2018ko euskal selekzioen aldeko mendi martxa. Abiapuntua Deikaztelun jarri dute aurten eta zortzi etapako ibilbidearen ostean Agoitzera iritsiko da.

17 edizio egin dira honezkero, ESAIT desagertu artean honen babespean eta gerora bere kasa, «gure ekarpena, apala izan arren, bide egokian emandako urratsa delakoan», antolatzaileek diotenez. Helburuak hasierako berberak dira, «kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko dugun eskubidea defendatzea».

Deikaztelutik Lizarra arteko bidea egingo dute lehen etapan, bertatik Gares artekoa hurrengoan, Gares-Larraga gero, handik Tafallara, San Martin de Unxera gero, Kasedara hurrengo etapan Irunberrira eta handik azken etapa Agoitzera.

Izen-ematea, prezioak eta autobusak

Osorik edo erdizka parte hartzeko aukera ematen dute antolatzaileek. Zeharkaldi osoa afaria barne 300 euroko kostua du (zazpi afari eta azken eguneko bazkaria barne, gosaria eta etaparako ogia eta fruta barne) eta 200 euro dira afariak eta azken eguneko bazkaria gabe parte hartu nahi duenarentzat. Zeharkaldi erdia egin nahi duenarentzat pareko zerbitzuak eskaintzen dituzte baina 150 eta 100 euroren truke.

Izena emateko euren kontu korrontean dirua sartu eta telefonoz edo mailez egin behar da eskaria. Mendimartxa.eus webgunean dituzue argibide guztiak.

Abiapuntura gerturatzeko autobusak ere antolatu dituzten uztailaren 28an. Bilbotik 7.00etan aterako da autobusa eta Durangon, Eibarren eta Zarautzen egingo ditu geldialdiak Donostiara iritsi aurretik. Iruñetik 9.30ean abiatuko da Deikazteluko abiapuntura.