NAIZ
DONOSTIA

Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47Soul kartelburu bosgarren Atlantikaldian

Irailaren 20tik 23ra egingo da, Errenterian, Atlantikaldiaren bosgarren edizioa. Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47Soul izango dira kartelburuak, aurkezpenean iragarri dutenez. Eragileek bidalitako proposamenetatik aberastuko dute jaialdiaren kultur egitaraua. 

Collar, Mendoza eta Landa, Atlantikaldiaren bosgarren edizioaren aurkezpenean.
Collar, Mendoza eta Landa, Atlantikaldiaren bosgarren edizioaren aurkezpenean.

Errenteriako alkate Julen Mendozak, Atlantikaldiko zuzendari eta Kultura teknikari Laura Landak eta Ion Collar Kultura zinegotziak agerraldia egin dute Atlantikaldiaren bosgarren edizioa aurkezteko. 

Kultur topagun eta musika jaialdia irailean ospatuko da, Errenterian, irailaren 20tik 23ra. Iaz, Errenteria Itsas Topaleku bihurtu zuen jaialdiak, herritar eta bisitari orori topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera emanez. Bosgarren edizioak topaleku horiek baliatuko ditu herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremanak sendotu eta eredu berriak sortzeko. Horri lotuta aukeratu dute, hain zuzen, bosgarren edizio honen leloa: ‘Itsas Korronteak’. 

«Itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte... Baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere itsaso horretan egin nahi du», esan du Mendozak. 

Azaldu dutenez, aurtengo edizioan garrantzi berezia eman nahi diote sorkuntzari, horregatik jaialdiaren «aurkezpen karta» den kartela Atlantikoaren beste aldean jaio zen eta Donostian den Daniela Garreton artista txiletarrarekin elkarlanean sortu dute. 

Alkatearen hitzetan irudi berritzailea sortzeko erronka gogoz hartu zuen Garretonek hasieratik: «Alde bietara jarrita balio duen ilustrazioa garatu du, ikuspuntu guztietatik begiratzeko aukera ematen duena, izaera anitzak barne hartzen dituena, jaialdiaren filosofiarekin bat etorrita».

Kultur topagunea eta musika jaialdia

Halaber, gaineratu du, aurreko edizioei jarraiki, jaialdia bi zutabetan oinarrituko dela: kultur topagune «itzela» eta musika jaialdi bakarra.

Kultur topagune den aldetik, Atlantikaldiak herriaren izaerarekin bat datozen balioak barne hartzen ditu. Ion Collar Kultura zinegotziak esandakoaren arabera, jaialdi parte-hartzailea da: «Kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza erraztea du helburu. Eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzen du, gure artean eta kultura ezberdinen artean».

Gainera, jaialdia aurrera ateratzeko «eragileen inplikazioa beharrezkoa» dela eta «Atlantikaldiak, kultura modu zabalenean ulertzen» duela azpimarratu du Collarrek, «aniztasuna eta oreka sustatuz».

Hori dela eta, Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei: «Aurreko edizioetan bezala, proposamen zaparrada ederra jaso dugu Atlantikaldiaren programazioa osatu eta aberasteko».

Jaialdiaren lantaldeak bideragarri jo dituen taldeekin, mota guztietako 70 ekintza inguru izango dituen egitaraua osatzen ari dira orain: musika, dantza, gastronomia, erakustaldiak, kaleko artea, kirola…

Atlantikaldiaren bigarren zutabea musika jaialdia da. Laura Landa, Atlantikaldiaren zuzendariak eta Kultura teknikariak aurtengoan Lehendakari Agirre plazako eszenatoki nagusian izango diren taldeen izenak aurreratu ditu: «Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47 Soul taldeak izango ditugu kartelburu aurtengo edizioan».

47 Soul taldea irailaren 21ean igoko da oholtzara, ostiralez, 20.00etan. Ondoren, 22.30ean, Esne Beltzaren emanaldia hasiko da. Nneka eta Bebe larunbatean izango dira protagonista, hilaren 22an, 20.00etan eta 22.30ean, hurrenez hurren.

Aipatutakoak, kontzertu berezi eta bakarrak izango direla azpimarratu du Landak, izan ere, sorpresa ezberdinak ekarriko baitituzte: «Duela hiru urte abiatutako Itsas Elkarrizketekin jarraitu dugu, kanpoko eta hemengo musikarien artean kolaborazioak eta egonaldiak sustatuz».

Hala, irailaren 20an, ostegunean, Niessen Kulturgunean gertatuko den bi talderen egonaldi artistikoaren emaitza eskainiko da eszenatoki nagusian, 20.00etan: Manez eta kobreak eta Sertaniliaren elkarrizketatik sortuko den ikuskizuna, hain zuzen.

Jaialdiaren beste gune batzuetan egitaraua osatuko duten musika emanaldi gehiago ere izango direla baieztatu du eta datozen astetan emango dutela horien berri.