Amalur Artola
DONOSTIA

Torrealdai omendu dute «Zentsura eta literatura» biltzarrean

Donostiako Miramar jauregian burutzen ari diren «Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak» nazioarteko kongresuaren baitan omendu dute Joan Mari Torrealdai gaur goizean, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, «zentsuraren gaiari hurbilenetik so egin dion euskal ikertzailea» delako. Hunkiturik jaso du eskertza.

Joan Mari Torrealdai, kongresuko antolatzaile eta hizlariekin. (Maialen ANDRES/FOKU)
Joan Mari Torrealdai, kongresuko antolatzaile eta hizlariekin. (Maialen ANDRES/FOKU)

Joan Mari Torrealdai euskaltzale eta ikertzaileak ireki du gaur goizean Donostiako Miramar jauregian ospatzen ari diren «Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak» nazioarteko kongresua. Biltzarraren bigarren eta azken egunean, zentsuraren gainean egin dituen ikerketen errepasoa egin du Torreladaik eta, ostean, omenaldia eskaini diote, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, «zentsuraren gaiari hurbilenetik so egin dion euskal ikertzailea» izanagatik. «Bere zereginetan etengabe uztartu izan ditu jakintza, jakinahia eta ikastea», azpimarratu du, eta besteren artean ‘Jakin’ edota ‘Euskaldunon Egunkariaren’ sorkuntzan izan zuen papera goraipatu du. Horrez gainera, euskal kulturak bizi izandako zentsuraren ikertzaile sutsu izan dela ere nabarmendu du. «Euskara eta euskal kulturaren mesedetan egin duzun, egiten ari zaren eta egingo duzun guztiagatik, eskerrik asko. Seguru nago zure ildo beretik beste batzuk ere etorriko direla», amaitu du.

Urrutiaren hitzen ostean, Torrealdairen hainbat obraren zatiak irakurri dituzte, «zoritxarrez, gaurkotasun handiko testuak» Beñat Sarasolaren hitzetan. Besteak beste, ‘Euskal idazleak gaur’ (1977) lanean idazleen zailtasunak nabarmentzen dituen pasartea irakurri du Mariasun Landak, Martxelo Otamendik kalitatea baztertuz eta «irizpide guztien gainetik audientzia bilatu izana» salatzen duen ‘ETB eta euskara’ (1985) obraren zatia irakurri du, ‘Euskal kultura gaur’ (1997) irakurtzea egokitu zaio ‘Jakin’eko zuzendari Lorea Agirreri eta Nerea Mujika Gerediagako presidenteak ‘30 urte liburugintzan’ (2007) obrako zati bat irakurri du.

Irakurraldiaren ostean, hunkitua dagoela aitortu du Torrealdaik, «gaindituta, eta lotsatua ere banago nire lana kolektiboa baita hein handi batean», azaldu du, eta berari egin zaion aitortza kide izan dituen guztiekin banatu nahi izan du. Bukatzeko, 90eko hamarkadan tesia defendatu ostean unibertsitatean zentsuraren gaia jorratzen jarraitzeko aukera izan bazuen ere berak ‘Jakin’ aldizkariaren sorreran parte hartzea erabaki zuela esan du. «‘Jakin’ aukeratu nuen eta zentsuraren lanketa utzi egin nuen, pena handiz. Hona nire pozaren arrazoia, segida badaukala ikustean», esan du, nazioarteko kongresuak bildu diren aditu eta ikertzaileen lana goraipatuz.