NAIZ

Emakumezkoen triatloian euskaraz hitz egiteagatik kanporatu zutela salatu du partaide batek

Donostiako emakumezkoen triatloian parte hartu zuen neska batek euskaraz hitz egiteagatik probatik deskalifikatu egin zutela salatu du. Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo dute berak eta bere ahizpak.

Emakumezkoen triatloiaren hasiera. (@TriatlonMujer)
Emakumezkoen triatloiaren hasiera. (@TriatlonMujer)

Joan zen larunbatean Donostian egin zen emakumezkoen triatloian parte hartu zuten bi ahizpak Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo dute, bertan gertatu zitzaiena salatzeko. Izan ere, bietako bat euskaraz hitz egiteagatik probatik deskalifikatu zutela adierazi dute.

Biek kontatu dutenez, boxetara NAN erakustera joan zirenean bietako bat agiria ahaztu zitzaiola ohartu zen eta han zeuden bi emakume epaileri euskaraz zuzendu zitzaien eta hark kanpoan itxoiteko erantzun zion, gaztelaniaz. Bi ahizpak elkarren artean euskaraz ari zirela, epaileetako batek gaztelaniaz hitz egiteko esan zien, eta ahizpetako batek bere artean ari zirela erantzun. Aldamenean zuen beste epaileak, orduan, berari gaztelaniaz hitz egiteko agindu zien, salaketan jaso dutenez. Lasterketako zuzendari teknikoa zela esan zien eta berari gaztelaniaz hitz egiteko errepikatu zien.

Ahizpetako batek proba bukatu ondoren hitz egingo zutela adierazi zion birritan, eta ondoren zuzendari teknikoa zen epaileak kartulina gorria atera zion, deskalifikatuta zegoela esanez. «Errespetua galdu» ziola argudiatu zuen, Behatokiari helarazitako salaketan diotenez.

Gipuzkoako Triatloi Federazioaren bertsioa jaso du ‘Irutxuloko Hitza’k eta honek ukatu egin du deskalifikazioa euskaraz hitz egiteagatik izan zenik. Epaileak euskaraz ulertzen ez zuenez gaztelaniaz mintzatzeko eskatu zion partaideetako bati, eta hark euskaraz egingo zuela erantzun. Horren ondorioz eztabaida sortu zen eta bi ahizpetako batek epailea mehatxatu zuelako kanporatu zuela dio Federazioak.