naiz
Donostia

Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea dira aurtengo Gure Artea sarien irabazleak

Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldeko Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara dira Gure Artea sarien aurtengo irabazleak. Sari hauek «sormenaren garapena bultzatzea» dute helburu, «arte sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari».

Gure Artea sariak banatu dituzte Donostiako San Telmo museoan.
Gure Artea sariak banatu dituzte Donostiako San Telmo museoan.

Donostiako San Telmo Museoan izandako ekitaldian Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du sari hauek funtsezkoak direla saritutako artisten lana ikusgaiago egiteko, bai eta, arte plastikoen eta ikusizkoen alorrean egiten dena ezagutarazteko ere: «Gure Artea sarien helburua da artisten lan bikaina saritzea eta, halaber, lan hau ezagutaraztea. Sortzaile hauen lana ikusgaiago egin nahi dugu eta publikoari erakutsi nahi diogu arlo honetan Euskadin dagoen talentu azpimarragarria».

Ibilbide artistikoa saritzen duen modalitatean Gema Intxausti Miangolarra izan da aurtengo irabazlea. Kasu honetan, epaimahaiak nabarmendu du «lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua bere lanaren ezaugarri nagusietako bat» dela. «Horrek baldintzatu du etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketa; hala nola, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa», gehitu dute ebazpenean. Horrez gain, epaimahaiak azpimarratu du haren «ibilbide koherentea», «joera igarokorretatik aldendua, non pintura, eskultura eta zineaz baliatu baiten bizitza duinaren, inkomunikazioaren, nortasunaren, oinazearen eta plazerraren inguruan hausnartzeko”» Azkenik, epaimahaikideek esan dute «haren lanak ekarpen garrantzitsua» egin diola ikusizko euskal sorkuntza garaikideari.

Sorkuntza lana aitortzeko sariari dagokionez, Erlea Maneros Zabala izan da aurtengo saritua. Kasu honetan «posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau-trataera uztartzen dituen artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta etengabeko ikerketa» nabarmendu dute. Hartara, epaimahaikideek azpimarratu dute «tradizio grafiko ezberdinei loturiko prozedurak -grabatua, kartela edo fanzinea- berriz asmatzearekin batera, ondorio historiko, politiko eta sozial aipagarriak dituen ikonografia bat» garatu duela.

Azkenik, Bulegoa z/b taldea izan da arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako Lana Aitortzeko sariaren irabazlea. Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osatzen duten talde honen kasuan, epaimahaiak azpimarratu du «gizarte-ehunaren eta kultura-erakundeen arteko bitartekaritzaren aldeko konpromiso irmoa duen proposamen bat eskaini dio euskal testuinguruari». Era berean, tokiko mailan -Solokoetxe auzoan, gehienbat- duen eginkizun dinamizatzailea baloratu da, bai eta sareko nazioarteko proiektutan duen parte hartzea ere. Ondokoekin lan egin du: If I Can’t Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museum (Lovaina).

Sari hauek «sormenaren garapena bultzatzea» dute helburu, «arte sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari». Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen aitortza bideratuz. Guztira, 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritzen dituen modalitate ezberdinetara, eta irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.