NAIZ
DONOSTIA

Unibertsitateko ikasleek 317 artikulu berri gehitu dituzte Euskarazko Wikipediara

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako unibertsitateetako 829 ikaslek 317 artikulu berri gehitu dituzte azken ikasturtean Euskarazko Wikipediara. Txikipedia proiektua ere sortu da, 8-13 urte arteko umeentzako entziklopedia aitzindari bat.

EHU, Lakua eta Wikilarien elkarteko ordezkariak, gaur Donostian. (IREKIA)
EHU, Lakua eta Wikilarien elkarteko ordezkariak, gaur Donostian. (IREKIA)

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariak, Jon Zarate EHUko Euskara errektoreordeak eta Galder González eta Edurne Agirre Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideek agerraldia egin dute, Lakuako Gobernuak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak 2017an sinatu zuten akordioaren fruituen berri emateko.

Azaldu dutenez, EAEko unibertsitateetako 829 ikaslek 317 artikulu berri gehitu dituzte azken ikasturtean Euskarazko Wikipediara. Gainera, ikasleok beste 716 artikulu hobetu dituzte.

Unibertsitate publikoa izan da protagonista dinamika horretan, lan gehiena EHUko ikasleek egin baitute; zehazki, parte hartu duten ikasleen %94 EHUkoak izan dira. Gainera, hitzarmenari esker, 817 artikulu berri gehitu dira antolatu diren lehiaketen bidez.

Sortu edo hobetu diren artikulu askok lotura zuzena dute iaz sinaturiko akordioari esker abiaturiko «Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat» proiektuarekin. «Hasiera batean mila artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela, eta arloz arlo zehazten joan gara», azaldu du Gonzalezek.

Horrela, 1.710 artikulu daude zerrendan, eremu guztietakoak, eta ikasturtearen hasieratik, unibertsitateetako ikasleekin batera eta beste bide batzuen bitartez, ehunka artikulu berri egin dira edo hobetu dira. 

Beraz, momentu honetan 1.710 artikulu horietatik 264 egiteke daude eta 781 laburrak dira (5.000 byte baino gutxiago). «Akordioa 2019ko abendura arte luzatuko da, eta epe horretan egin gabe daudenak burutu beharko ditugu, laburrak diren asko luzatzen saiatuko gara eta gainontzekoak ere hobetzeko ahalegina egingo dugu, beti baitago hobetzeko tartea. Horrez gain, 1.710 gai horiekin erlazionatutako gaiak ere gehituko ditugu», azaldu du Zupiriak.

Txikipedia

2018-2019 ikasturtean sustatu den beste proiektu nagusietako bat Txikipedia ekimena izan da, 8-13 urteko umeentzako Euskarazko Wikipediaren baitako bertsio bat. Haurrentzako entziklopedia honek lotura zuzena du Euskarazko Wikipediarekin eta Norvegiako wikilariek proiektua sustatzen lagundu dute. Egun, entziklopediak umeentzako moldaturiko 1.070 artikulu ditu, eta 13.300 bisita izan ditu sortu zenetik. Gainera, euskara aitzindaria izan da proiektu hau garatzen.