Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Brebet-eko zientzietako euskarazko azterketa ez zuzentzeko agindu du Bordeleko Errektoretzak

Bordeleko Errektoretzak Seaskako 179 ikaslek euskaraz egin zituzten Brebet probako zientzietako azterketak ez zuzentzeko agindu du, Seaskak NAIZi baieztatu dionez. Ikastolen federazioak erabaki horren aurrean «haserrea agertzeko» deia egin du.

Brebeteko zientzietako azterketa euskaraz egin ahal izateko elkarretaratzea. (Aurore LUCAS)
Brebeteko zientzietako azterketa euskaraz egin ahal izateko elkarretaratzea. (Aurore LUCAS)

Gaur eta bihar egin beharreko brebet azteketaren zuzenketa prozesuak albiste kezkagarria utzi du. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak NAIZi baieztatu dioenez, Piarres Larzabal, Xalbador eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 179 ikaslek euskaraz eginiko zientzetako azterketak baztertzeko agindua heldu da. Gauzak horrela, nahiz eta azterketak zuzentzeko zentroetan eta epaimahaietan irakasle elebidunen kopurua aski izan zuzenketari ekiteko, «13-14 urteko 179 ikasle horien azterketak bahitzeko urratsa eman du Errektoretzak».

Seaskak oso larritzat jo du erabakia. Finean, iaz, nahiz eta horretarako baimen ofizialik ez izan, ikasleek euskaraz idatzi zituzten zientzietako azterketak zuzenduak izan ziren. Alta, aurten Bordeleko Errektoretzak urratsa eman du zuzenketak blokeatzeko eta Gorostiagaren esanetan hori «borondate politiko zehatz baten eragina izan da, eta zalantzarik ez dugu Bordeletik baino Parisetik heldu da debekua».

Azterketak zuzendu behar zituzten hainbat irakaslek ezinegona agertu dute erabakiaren aurrean. Mauleko zentro batean, esaterako, epaimahaiak azterketak banatu dizkie irakasleei zuzendu zitzaten, eta ondoren berriro itzultzeko eskatu die, ezin zirela zuzendu esanez. Horren aurrean, hainbat irakaslek protesta egin dute, zuzenketa egiteko arazorik ez zela eta zientzietako proba zuzentzeko prest zeudela esanez.

«Ez da kaskualitatea, ez da aurrekontu aitzakiarik, hizkuntza gutxituenganako Frantziako Estatuaren politika berriaren ondorioa da», salatu du Seaskak ohar batean. Emmanuel Macron presidenteak hauteskunde kanpainan «hitzemanak ahantzirik», Hezkuntza Ministerioak tokiko hizkuntzen «suntsitzeko politika martxan eman du», erantsi du.

Mobilizazioak

«Politika linguizida eta kolonial berri honen aurrean», Seaskak dei egin die euskal herritarrei «beren haserrea agertzerat» datozen egunetan, eta bereziki uztailaren 28an, Ipar Euskal Herritik pasako den Tourraren etapa nagusian.

Era berean, biharko, 10:30ak eta 11:00ak bitartean, Seaskako gurasoak Bordeleko Errektoretzaren aurrean bilduko dira.

Duela zenbait urte matematika eta historia-geografia probak euskaraz egiteko eskubidea eskuratu zuen Seaskak. Iaz urrats berri bat emanez, zientzietako azterketa euskaraz egiteko aukera jorratu zuen. Hartara, inolako berme ofizialik gabe ere, bere ikasleek azterketa euskaraz egin zuten eta  Errektoretzak ez zuen oztopatu proben zuzenketa. Aurten, ordea, zuzenketak blokeatzeko agindua eman du.

Bretainian ere bai

Aurten, lehenengo aldiz, Bretainian hamabost ikaslek Baxoa bretoieraz idatzi zuten, eta brebeteko zientzietako azterketa ere hizkuntza horretan egin zuten Diwan eskoletako 80 ikasle inguruk. Kasu honetan ere Errektoretzak ikuskariak bidali ditu, bretoieraz eginiko zientzietako azterketak zuzendu ez ditzaten.