NAIZ

Ostiralean irekiko da AP-8 eta AP-1 autobideen lotunea Maltzagan

Datorren ostiralean irekiko dira AP-8 eta AP-1 autobideen Maltzagako lotuneko lau erreiak, Bilbo eta Gasteizko noranzkoan, handitze lanak egin ondoren. Egunero 32.900 ibilgailu ibiltzen dira zati horretan eta uda garaian kopuruak gora egiten du nabarmen.

Aintzane Oarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Maltzagako lotunea bisitatu du. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Aintzane Oarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Maltzagako lotunea bisitatu du. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

AP-8 eta AP-1 autobideen lotunea Maltzagan ostiralean irekiko da Gasteizko eta Bilboko noranzkoetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua lanak bisitatzen izan da eta han eman ditu xehetasunak.

Bidegik 3 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu obra horretan. AP-8 autobideko galtzada 380 metro luzatu da eta horrek aukera ematen du, lehenengo 140 metroetan, bi erreitik hirura zabaltzeko, eta hiru erreitik laura hurrengo 190 metroetan, AP-1 autobidera sartzeko bideadarrarekin lotu arte. Obra horren ondorioz, Bilbora edo Gasteizera doazen ibilgailuek bi erreiko zati bat izango dute noranzko bakoitzean. 

Oiarbidek azaldu duenez, zati horretan egunero 32.900 ibilgailu ibiltzen dira, eta kopuruak gora egiten du udan. «Joan den urteko abuztuan lotune horretatik 40.800 ibilgailu arin igaro ziren batez beste egunero, eta sartzeko errei bakar batekin ezin zen behar bezala zurgatu trafiko hori. Obra honek asko aldatuko ditu gauzak», esan du.

Datorren ostiralean Bidegik Maltzagako lotuneko lau erreiak irekiko ditu, Bilbo eta Gasteizko noranzkoan. Abuztuaren 2tik aurrera, irteera operazioa egun horretan bukatuko baita, noranzko horretako obra amaituko da gunea asfaltatu ondoren; beraz, egun horretara arte, orduko 80 kilometroko abiadura mugaren seinalea egongo da gune horretan.

Behobiako noranzkoan egiten ari diren lanak ez dira etengo erabat amaitu arte. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, irailaren erdialdean bukatuko dira.