naiz
Donostia

Cristina Eneak pasanteari buruz eztabaida bat egiteari ezezkoa eman diola salatu du Satorralaiak

Hasieran baiezkoa eman arren, Cristina Enea fundazioak metroaren pasantearen inguruko eztabaida bat egiteari ezezkoa «modu ulertezinean» eman duela salatu du Satorralaiak. «Eztabaida publikoa sustatu behar dela azpimarratzen jarraituko dugu», adierazi du pasantearen aurkako mugimenduak.

Metroaren pasantearen aurkako mobilizazioa, Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Metroaren pasantearen aurkako mobilizazioa, Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Cristina Enea fundazioak, Donostiako Udaletxearen menpeko erakundeak Metroaren pasanteari buruzko eztabaida bat egiteari ezezkoa «modu ulertezinean» eman diola adierazi du Satorralaia elkarteak. Jakinarazi dutenez, joan den maiatzaren 10ean Satorralaia Cristina Enearekin harremanetan jarri zen ‘Zer Metro?’ bideoaren emanaldi bat eta eztabaida bat antolatzea proposatzeko. 

Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, hasiera batean erantzuna baiezkoa izan zela nabarmendu dute. «Udaren ondoren denborarekin programatu liteke eta Satorralaiaz gain metroaren inguruan ikuspegi ezberdinak dituzten eragileak bilduko lituzkeen eztabaida bat egin. Hau da, aldeko eta kontrako jendeak elkartuz, eztabaida egon dadin. Udaletxeari loturiko erakunde bat garen aldetik, ez du zentzurik Udaletxearen proposamenaren aurka bakarrik lihoakeen ekintza bat programatzeak. Aldiz, ikuspegi ezberdinak azaltzeko eta sakoneko eztabaida bat egiteko eragozpenik ez dago», zihoen erantzunak.

Satorralaiak adierazi du ordutik Cristina Enearekin harremanetan jarraitu dutela eztabaida hori antolatu aldera eta hizlariak zehazteko asmoz. «Alabaina, ekainaren 27an Cristina Eneako arduradunak azkeneko mezu bat igorri zigun, honako hau esanez hitzez-hitz: ‘Ekipoaren azken bileran metroaren gaia eta eztabaida hori bideratzeko aukera atera zen, baina azkenean berandu iristen garen gai bat dela baloratu zen, metroaren obrak jadanik hasi direlako eta eztabaida bat planteatzeak ere ez duelako merezi agian’».

Erantzun hau «lotsagarria» dela iritzi du elkarteak eta «ulertezina» dela ere nabarmendu du. «Gure aldetik, erakundeek herritarrei behin eta berriz ukatzen diguten eztabaida publikoa sustatu behar dela azpimarratzen jarraituko dugu».