NAIZ
BILBO

Prekarietatearen aurkako neurri «eraginkorrak» dituzten ehundik gora hitzarmen aurkeztu ditu ELAk

ELAk ehundik gora hitzarmen aurkeztu ditu, horietatik zortzi sektorialak, Hego Euskal Herriko eskualde guztietan eta sektore desberdinetan sinatutakoak. Europako sindikalismoaren testuinguruan «paregabeak» direla eta prekarietateari aurre egiteko neurriak jasotzen dituztela nabarmendu du sindikatuak. 

Txakartegi, Muñoz eta Igeregi, Bilbon egindako agerraldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Txakartegi, Muñoz eta Igeregi, Bilbon egindako agerraldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Adolfo Muñoz idazkari nagusia buru zela, ELAko ordezkari Pello Igeregik eta Leire Txakartegik agerraldia egin dute Bilbon negoziazio kolektiboari buruzko datuak azaltzeko. 

Azaldu dutenez, urteko lehen sei hilabeteetan hamabost sektore-negoziaketa itxi dira eta ELAk guztira 8 sinatu ditu. Eskualde guztietan eta sektore desberdinetan, ehundik gora sindikatuak sinatu dituen hitzarmenak.

Aurreko urtearekin alderatuta negoziazioa «asko hazi dela» nabarmendu du sindikatuak: «Negoziazio kolektiboa 2018an piztu egin da, baina oraindik oso urrun gaude nahi genukeen egoeratik, bereziki prekarietateari eta soldata arrakalari dagkionez». Nolanahi ere, «urrats garrantzitsuak» eman direla uste du ELAk.

Sindikatuaren esanetan, ELAk sinatu dituen hitzarmen sektorial guztietan enpresarien aldebateko inaplikazioa eragozteko klausula eta ultraaktibitate mugagabea adostu ditu. «Lan-erreforma egunero ari gara derogatzen akordio hauen bitartez», adierazi dute. Zentzu horretan, Pedro Sanchezi emandako hitza bete eta «aitzakiarik» bilatu gabe lan-erreforma bertan behera utz dezala eskatu diote. 

Gaineratu dutenez, «soldata-eguneratze hutsa ez da nahikoa hitzarmenak sinatzeko, hitzarmenak sinatu ondoren praktikan aplika daitezkeen neurriak adostea ezinbestekoa da guretza, horregatik exijitzen dugu lan-erreformaren aurkako klausulak adostea, patronal eta sindikatuen arteko hitzarmena patronalak bere kabuz ez betetzeko aukera izan ez dezan».

ELAk esan duenaren arabera, sinatu dituen akordioek eduki «berritzaile garrantzitsuak» dauzkate, «bereziki prekarietatearen aurkako neurri zehatz eta eraginkorrak».

Adibide gisa aipatu dute, esaterako, Gipuzkoako Ostatugintzan azpikontratetako langileen subrogazioa lortu izana. Hitzarmen honen aplikazioa pisu turistikoetaraino helduko dela zehaztu dute, bereziki prekarioa den eta Estatuan ia inongo lan-babesik ez daukan sektorean. Gipuzkoako ehunen merkataritzan asteburuetan derrigorrezko deskantsua izatea jaso dutela ere adierazi dute.

Gipuzkoako eraikuntzan ere hitzarmen «historikoa» itxi dute: «eros-ahalmena berreskuratu dugu eta gure inguruan ezezaguna den bermea izango dugu: enpresa nagusiek azpikontratatutako langileei zuzenean ordaindu beharko diete azpikontratetan hitzarmena betetzen ez denean».

Arabako Salgaien Garraioan logistikako langileentzako subrogazioa lortu dutela nabarmendu dute eta Nafarroako kirol kudeaketan bai Zapateroren zein Rajoyren lan-erreformei bidea itxi dietela aipatu dute, beste lorpen batzuekin batera.

Negoziazio mahaiek «ez dutenean gehiagorako ematen», grebaren erabilera «ezinbestekoa» dela aldarriaktu dute ELAko ordezkariek, «gatazkak langileen aldeko erantzuna izan dezan».

2018ko negoziazioan urrats kualitatiboak gatazken igoerarekin batera etorri direla azaldu dute. ELAk egindako greba kopurua %81 hazi da aurten eta egoera «prekarioenetan, bereziki feminizatutako esparruetan», greba mugagabeak izan dira. Horretarako Erresistentzia Kutxa ezinbesteko tresna izan dela adierazi dute.

Enpresa askotan soldaten %15, 20 edo 54ra arteko igoerak eta lanaldiaren murrizketa garrantzitsuak eman direla adierazi dute eta argi utzi nahi izan dute lorpen horien atzean sindikatuko kideen esfortzua dagoela.