Ane Urkiri
DONOSTIA

Reala, Atletico Madril, Fortuna Hjorring eta Paris Saint-Germain Elite Women Football txapelketan

Elite Women Football Cup txapelketa abuztuaren 17tik 19ra bitartean jokatuko da Zubietan eta Realarekin batera, Atletico Madril, Fortuna Hjorring eta Paris Saint-Germain arituko dira nor baino nor.

Elite Women Football Cup txapelketaren aurkezpena, Donostian. (@cup_elite)
Elite Women Football Cup txapelketaren aurkezpena, Donostian. (@cup_elite)

Aurkezpenean txapelketan parte hartuko duten taldeen maila nabarmendu dute guztiek, izan ere Reala izan ezik, beste hiru taldeak Champions Leaguen arituko dira datorren denboraldian. «Abuztuaren 17an txapelketa hasten denean zozkatuko dira Champions Leagueko aurreneko kanporaketak eta zozketa horretan dauden hiru talde Donostian izango ditugu», azpimarratu dute. 

Ostiralean hasiko da txapelketa eta 17.30ean –zozketa bidez erabakita– Atletico Madril eta Fortuna Hjorring lehiatuko dira eta 20.00etan Reala eta Paris Saint-Germain. Finalak igandean jokatuko dira; batetik, hiru eta laugarren postua 10.30etatik aurrera erabakiko da eta final handia, 13.00etan, «telebistak aginduta». Abuztuaren 18an (larunbata) alebin eta kadete mailako haurrek talde hauetako jokalariekin ikasteko aukera izango dute. 

Jakinarazi dutenez, prezioak «herrikoiak izango dira». Egun bateko sarrerak 10 euroko kostua izango du, eta bi egunetan bertaratu nahi izanez gero, 15 euro ordaindu beharko da. Realeko bazkide zein adin txikikoentzat, 8 euro eta 12 euro balioko dituzte hurrenez hurren. Irabazien %20a Gaixotasun Arraroen Asoziazioa (D'Genes) eta AELIP Lipodistrofias gaixotasunaren elkartearentzat bideratuko da. 

Iñigo Diaz de Cerio futbolari ohiaren Piolet enpresa izan da antolatzaile nagusia eta onartu du lan nekeza izan dela. Adierazi du hasieratik funtsezkotzat jo zutela PSG talde frantziarraren parte hartzea eta urrian hasi zituzten negoziaketak: «Goi mailako futbolariak dituelako eta horien artean Irene Paredes legazpiarra dagoelako». Reala eta Athleticeko jokalari ohia berriro Euskal Herrian jokatzen ikusteko interesa azpimarratu du. 

Bestalde, Fortuna Hjorring talde danimarkarrak baimen berezia eskatu behar izan du Donostian egoteko. Izan ere, ordurako liga txapelketa abiatuta egongo da Danimarkan eta asteburu horretako jardunaldia atzeratu egin behar izan dute txapelketa honetan parte hartzeko. 

Nahikari Garcia zein Mariasun Quiñones Realeko jokalariak egon dira aurkezpenean eta biek ala biek goraipatu dute txapelketa, izarrekin lehiatzeko aukera izango dutelako. Atezainaren esanetan, aurredenboraldia ahalik eta hobekien prestatzeko aukera emango die eta Garciak nabarmendu du emakumezkoen futbola ikusarazteko lehio berri bat irekitzea ahalbidetuko duela.