NAIZ
DONOSTIA

Abuztuaren 5ean hondartzetan dispertsioaren bukaera aldarrikatuko du Etxeratek

Dispertsioaren bukaeraren aldarrikapena hondartzetara eramango du berriro ere Etxeratek, abuztuarekin. Hilaren 5ean egingo ditu mobilizazioak Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko hondartzetan, eta dispertsioaren amaierarekin batera euskal preso eta iheslari politikoak «etxean eta bizirik» nahi dituztela exijituko du.

Donostian, Kontxa aurrean, eman du Etxertek hondartzetako mobilizazioen berri. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Donostian, Kontxa aurrean, eman du Etxertek hondartzetako mobilizazioen berri. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Etxerat elkarteak hondartzetako ekimenaren berri emateko agerraldia egin du gaur goizean Donostian. Beste urte batez dispertsio politikaren bukaera exijituko du Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hondartzetan. Elkarretaratze gehienak abuztuaren 5ean izango dira, baina bezperan ere izango da mobilizaziorik, Plentzian, 12.00etan.

Hala, abuztuaren 5ean, 12.00etan, Deba, Donostia, Zarautz, Orio, Laga, Laida, Laidatxu, Lekeitio, Muskiz, Ondarroa eta Hendaiako hondartzetan izango dira kontzentrazioak. Ordu erdi beranduago, Mutrikun eta Bakion jarri dituzte hitzorduak, eta 13.00etan, berriz, Eako hondartzan.

Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileek nabarmendu dutenez, «inoiz baino arrazoi gehiago» daude elkarretaratze hauek egiteko. Gogoratu dutenez, dispertsio politikak dagoeneko hiru hamarkada daramatza indarrean eta senideek egin behar izaten dituzten bidaietan beren bizitza arriskuan jartzen dutela ohartarazi dute.

«Gure sufrimenduak orainaldiari lotuta jarraitzen du, horregatik salatu behar dugu zoritxarrez balizko biktimak galera. Asteburuero, gure bizitza arriskuan jartzen jarraitzenn dugu bisiten eskubidea bermatzeko. 4.000 gorako balizko biktimak gara», salatu dute.

«Bada gure herrian adostasun sendo eta zabal bat konponbiderako premiazko agendaren inguruan, horregatik mobilizazioa inoiz baino garrantzitsuagoa da», adierazi dute. Horregatik, «ezinbestekotzat» jo dute euskal gizarteak aurrea hartzea, «gizartearen gehiengo batek nahi duena behingoz errealitatea bihurtzeko».

Loiolan, abuztuaren 1ean

Uda honetan presoen senide eta gertukoek «ez dute oporrik izan» eta espetxeetara bidaiak egitera behartuta daude. «Horregatik hondartzetan izango gara datorren astean, beste behin, isilarazitako egoera bati ahotsa eman nahi diogu, eskubideak urratzen dituen politika baten jaiotzatik sortzen den egoera bat, eta bere helburu bakartzat oinazea betikotzea duena», nabarmendu dute.

Hondartzetako ekimenaz gain, abuztuaren 1ean Azpeitiko Loiolako santutegian izango dira presoen senideak, 10.30ean, dispertsioa salatzeko. Iñigo Urkulluri txosten bat emango diote.