naiz
Donostia

Donostiako Udalak eta Batzar Nagusiek gaitzetsi egin dituzte Aste Nagusiko sexu erasoak

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek azken egunetan izan diren eraso matxistak salatu dituzte eta bat egin dute datozen egunetarako egindako protesta deialdiekin. Udal Korporazioak elkarretaratzea egin du Alderdi Ederren, Udaletxearen aurrean.

Sexu erasoak gaitzesteko Alderdi Ederren egin dute elkarretaratzea. (DONOSTIAKO UDALA)
Sexu erasoak gaitzesteko Alderdi Ederren egin dute elkarretaratzea. (DONOSTIAKO UDALA)

Asteburuan Donostian izan diren bi gertakarien berri izan ondoren, «emakumeen askatasunaren eta eskubideen urraketa larria» izan dela adierazi du Donostiako Udalak. Hala, «erabateko irmotasunez» gaitzesten ditu bi gertakariak. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi diete «eraso tamalgarri» horiek jasan dituzten emakumeei, bai eta bere familiei eta hurbileko ingurukoei ere.

Adierazi dutenez, «mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu». Gaitzespena adierazteko, Udal Korporazioak elkarretaratzea egin du eguerdian Alderdi Ederren, Udaletxearen aurrean eta gaitzespena adierazteko egiten diren beste deialdiekin bat egin du.

Beren aldetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek «argi eta garbi» gaitzetsi dituzte Donostian Aste Nagusian salatutako erasoak, eta elkartasuna eta babesa agertu dizkiete emakumeei eta haien senide eta gertukoei. Hala, Batzar Nagusiek emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako «indarkeriaren agerpen guztiak» gaitzetsi dituzte. «Lehen mailako arazotzat jotzen dugun indarkeria matxista da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena eta berauen arteko botere-harremanetan du jatorria, emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik».

Ildo beretik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek herritarrei eskatu diete har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. «Izan ere, arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea». Horrenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek konpromisoa hartu dute erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko eta gainerako erakundeei eskatzen diete lidergoa har dezaten indarkeria matxistarik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko eginkizunean, lan horri eusteko konpromisoak hartuz, bakoitzak bere esparruan.