NAIZ
DONOSTIA

Migratzaileei arreta eskaintzeko baliabideak eskatu ditu Donostian Harrera Sareak

Hiritarren Harrera Sareak (HHS) deituta, hamarka lagun bildu dira Donostiako udaletxearen ondoan. HHSko kide batek adierazi duenez, bi mezu helarazi nahi izan dituzte: batetik, igarotzen ari diren migratzaileentzat baliabideak behar direla eta, bestetik, erakundeekin komunikatzeko «bide eraginkorrak eta azkarrak».

Donostiako Udaletxearen aurrealdean eserialdia egin dute. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Donostiako Udaletxearen aurrealdean eserialdia egin dute. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Donostiako alkate Eneko Goiak berriki egindako adierazpenak zalantzan jarri ditu Hiritarren Harrera Sareak ostegun honetako elkarretaratzean. «Gaur arte Donostiak eskaintzen dituen baliabideak ez dira nahikoa. Irunen asteartetik plaza kopuru bat prestatu da, printzipioz, nahikoa izan daitekeena. Horrela, hain zaila al da Donostian gauza bera egitea?».

HHSren ustez, baliabideak egon badaude, baina «borondate politikoa falta da». Hala, salatu dute Donostiako Udalak hitzemandakoa bete gabe jarraitzen duela, ez dielako oraindik erantzun argirik eman.

Bestalde, Txantxarreka gaztetxeko kide batek «gezurtatu» nahi izan du Goiak iragan astelehenean esandakoa. Izan ere, alkatearen arabera, Donostiak badu baliabide nahikoa, gaur egun, migratzaileen arazoari aurre egiteko.

Gaztetxeko kideak aditzera eman duenez, hilaren 10ean, ostiralez, lau migratzailek lo egin zuten Txantxarrekan, eta gaurkoa da beren seigarren gaua. «Larunbatean 11 pertsona egon ziren; igandean, 13; astelehen, astearte eta asteazkenean 15 pertsona egon dira. Tartean, bi emakume daude, eta horietako batek bi ume ditu: urte bat eta erdikoa bata, eta lau urtekoa bestea».

Txantxarrekako kideak adierazi duenez, «erabateko babesgabetasun egoeran» utzi ditu Gipuzkoako Aldundiak. Hala, Hiritar Sareak esandakoarekin bat egin du, eta migratzaileen gaiari «soluzioa» emateko eskatu diete erakundeei. Elkarretaratzea amaitzeko, udaletxearen aurrealdean eserialdia egin dute, Alderdi Ederren.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Eneko Goia alkateak berriro azpimarratu du beste herrialde batzuetarantza igarotzen ari diren migratzaileei arreta eskaintzeko baliabideak egokiak direla.