NAIZ
IRUÑEA

Prekarietateak hil egiten duela salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Vianan

Vianako Papelera del Ebro enpresan izan zen lan istripuan zendu zen behargina gogoratzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek lantegiaren aurrean. Hilaren 21ean gauza bera egingo dute Iruñean, Gobernuaren egoitzaren aurrean, prekarietateari aurre egiteko neurriak aldarrikatzeko. 

Vianako Papelera del Ebro lantegiaren aurrean egin dute elkarretaratzea sindikatuek. (NAIZ)
Vianako Papelera del Ebro lantegiaren aurrean egin dute elkarretaratzea sindikatuek. (NAIZ)

«Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea» lemapeko pankarta baten atzean elkarretaratzea egin dute, Vianako Papelera del Ebro lantegiaren atarian –larunbatean 40 urteko behargin bat zendu zen bertan, lan istripuz–, ELA, LAB, Steilas, EHNE, ESK, Hiru eta CGT sindikatuek.

Mobilizazio horretan iragarri dute datorren asteartean, hilak 21, Iruñera eramango dutela protesta, Nafarroako Gobernuaren egoitzara, lantokietan ematen den prekarietateari aurre egiteko neurriak har daitezen exijitzeko. 

Gogogoratu dute atzo bertan beste behargin bat zendu zela Nafarroako hiriburuan, obra batean lanean zegoela, lan istripu ez traumatiko batean. 

LAB sindikatuak emandako datuen arabera, honekin, gutxienez 40 dira aurten Euskal Herrian hil diren langileak, Nafarroan 14 eta horietatik, azken 22 egunetan izandako bederatzigarrena. 

Sindikatu abertzaleak salatu duenez, «lanean bihotzeko bat ematen denean ez da kasualitatea edo auzaz gertatutakoa patronalek dioten bezala». «Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen eraginez. Lanean pairatzen diren presioak eta estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira», nabarmendu du LABek. 

Zentzu horretan, gaineratu dute istripu ez traumatikoak «lan istripu hilkorren lehen kausa» direla. 

Hori dela-eta, prekarietatearen aurkako neurriak hartzeko beharra azpimarratu du.