NAIZ
DONOSTIA

Grafenoaren alorreko nazioarteko 650 aditu bildu dira Donostian

Grafenoaren alorrean lan egiten duten munduko 650 aditu bildu dira Donostian, Graphene Week 2018 kongresuan, Andre Geim Fisikako Nobel sariduna horien artean.

Grapheno Week kongresua Kursaal jauregian egiten ari dira. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Grapheno Week kongresua Kursaal jauregian egiten ari dira. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gaur hasi da Graphene Week 2018 nazioarteko kongresua Donostiako Kursaal jauregian, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroak antolatuta. Biltzar hau Graphene Flagship proiektuaren kongresu nagusia da. Eta Graphene Flagship proiektua, aldiz, Europaren historiako ikerketa-proiektu handienetako bat da, 150 bazkide baino gehiago eta 1.000 milioi euroko aurrekontuarekin. 

Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eta kongresuko presidenteak egin die harrera 47 herrialdetatik iritsi diren 650 adituei. Grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ikerketan adituak dira guztiak. «Euskal Herrian nanozientziaren arloan puntako ikerketa egitea da gure helburua, gure gizarteak nanoteknologiaren aurrerapenen aitzinean probetxua atera dezan», adierazi du Pitarkek.

Nabarmendu duenez, kongresua egiteko Donostia aukeratu izana azken hamarkadetan EAEn ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean egin den apustu garbiaren erakusleiho da. Izan ere, hainbat euskal ikerketa-zentro Graphene Flagship proiektuko kide dira, hala nola nanoGUNE eta bere start-up Graphenea, Tecnalia, energiGUNE eta biomaGUNE.

Graphene Week biltzarraren helburua da grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ikerketan lortu diren azken aurrerapausoak ezagutaraztea. Horretarako, jarduera-programa zabala prestatu dute: besteak beste, Andre Geim Fisikako Nobel saridunak eta energia-metaketan aditua den Cambridge Unibertsitateko Clare Grey ikertzaileak emango dituzten hitzaldiak, puntako 30 hizlari gonbidaturen hitzaldiak, 95 ahozko aurkezpen eta 300 bat poster.  

Horrekin batera, jakintza-alor anitzeko topaketak ere izango dira eta Kursaal jauregian kongresuaz gain grafeno-produktuen erakusketa ere izango da; baita Europako enpresen eta startup-en istorio arrakastatsuen bilduma ere.