Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Baterak gobernantza ereduari buruz «herritar ikuskaritza» bultzatuko du

Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren eskutik Ipar Euska Herrian indarrean jarri den lurraldearen gobernantza ereduari buruzko herritar ikuskaritza burutzeko ekimena aurkeztu du. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere baitan hartzen duen lehenengo erakunde modernoak bere sorreratik eginiko hautu politikoak aztertu baino, gizarte zibilaren iritziak nahi dituzte bildu «orain arte egindakoari buruz, emaitzak eta hutsuneen gainean gogoetatzeko eta aitzina begira gobernantza eredu horrek lurralde honek dituen beharrak hobeki har ditzan».

Bateraren gaur goizeko agerraldia, Baionan. (@Taberna_G)
Bateraren gaur goizeko agerraldia, Baionan. (@Taberna_G)

Sentsibilitate ezberdinetako eragileak elkartzen dituen Batera plataformak agerraldia egin du gaur goizean Lapurdiko hiriburuan hemendik eta urte bukaeran martxan jarriko duen herritar ikuskaritzari buruzko xehetasunak emateko.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Euskal Hirigune Elkargoa sortu ondoren, Ipar Euskal Herriko erakundetze prozesuaren alde aspalditik lan egin duen plataformak «gizarte zibilaren iritzia eta parte-hartzea» bultzatzeko nahikeria osoa du.

Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdi bere baitan hartzen duen erakundea eratzearen kontra jo zuten sektoreen «jokoan erori gabe», herritarrek eta gizarte eragileek gobernantza ereduari buruz zer esana dutela uste du Baterak. Hori dela-eta, lau hilabetez luzatuko den gogoeta eta iritzi trukaketaren prozesua emanen du laster abian.

Iraila erditsutik eta urrira bitartean tokiko bilkurak bultzatuko ditu historikoki euskara, unibertsitatea, laborantza ganbara eta elkargo berezituaren alde lan egin duen taldeak. Horren ondotik, jurista, unibertsitate eta hautetsien laguntzaz galdetegia osatu eta iritzi bilketa eginen dute. «Herritar guztiek baina eragileek ere aukera izanen dute herritar ikuskaritza honetan parte hartzeko». Finean, abendu erditsuan jardunaldiak antolatuko dituzte ekimenaren emaitzak mahai ganean jartzeko eta etorkizunari buruzko erronkak marrazteko xede.

Prentsaurrekoan Baterako kideek azaldu dutenez, Euskal Elkargoak harturiko hautu politikoak epaitu baino gobernantza eredua hobetzeko bidean gizarte zibilaren ekarpena nahi dute bermatu. Mixel Berhokoirigoinek zehaztu duenez, begibistakoa da «herritarrek kezka batzuk badituztela, kritikak entzuten direla, hala nola barnealdea eta kosta arteko desorekari buruz, paktu fiskalaren gainean edo elkargorik heldu diren hainbat erantzun teknokratikoei buruz». 

Bateraren ustez, herritar ikuskaritza ekimenaren bidez gizarte zibilaren papera aldarrikatu nahi dute, «lehen eta orain euskal gobernantza eredu demokratikoa izateko bermerik nagusia delako».