NAIZ
VALLADOLID

Luzapenean eman dio garaipena Ibai Gomezek Alavesi

Etxetik kanpo denboraldiko lehen garaipena lortu (0-1) eta sailkapen nagusiko goiko postuetan kokatu da Alaves zazpi punturekin. Ibai Gomezek luzapen denboran sartutako golak desorekatu du aukera gutxiko neurketa. [Partidaren xehetasunak]

Ibai Gomez izan da neurketako golegilea. (@Alaves)
Ibai Gomez izan da neurketako golegilea. (@Alaves)

Ez du Alavesek sekulako neurketarik jokatu igande arratsalde honetan Valladoliden aurka, baina defentsa on bat nahikoa suertatu zaio neurketaren azken jokaldian gola egin eta etxetik kanpo denboraldiko lehen garaipena lortzeko (0-1).

Gol aukera gutxiko neurketa izan da Jose Zorrillan jokatutakoa, izan ere, bi taldeek garrantzia handiagoa eman diote defentsan lan ona egin eta golik ez oparitzeari erasoko jokoari baino. Horren ondorio neurketako lehen aukera ia ordu erdia igaro ostean iritsi izana.

Pare bat gol aukera izan ditu jarraian Alavesek 30. minutuaren buelta horretan, baina ez Martinen erdiraketak ez Jonyren jaurtiketak ez dute baloia sareetarako bidean jarri. Lasai aurkitzen zen Alaves zelaian, Valladolid ez baitzen gai arrisku jokaldirik sortzeko. Hala iritsi da neurketa atsedenaldira.

Aldageletatik buelta egin ostean zelaian ikusi dena lehen zatian ikusi denaren errepikapena izan da. Gol aukera gutxi, erritmo motela –aspertzerainokoa batzuetan–, eta bi taldeak defentsako lanean zentratuta.

68.ean eman du lehen sustoa Ibai Gomezek, baina bi alditan geratu du baloia atezainak. 78.ean, aldiz, Valladoliden txanda izan da, eta Pachecori eskerrak ez dira etxekoak aurreratu markagailuan. 85ean berriro izan du berea Ibai Gomezek, baina ezin bigarrengoan ere. Hirugarrenean bai, ordea, egin du gola jokalari bilbotarrak, garaipenaren hiru puntuak Gasteizera bidean jarriz.

Bosgarren postuan aurkitzen da orain Alaves sailkapenean, zazpi punturekin.

Neurketaren xehetasunak, NAIZen webgune berezian.