NAIZ
DONOSTIA

Mari Jose Azurmendik jaso du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Mari Jose Azurmendi irakasle eta ikerlari donostiarrak eskuratu du 2018ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Euskararekiko duen konpromiosa eta hizkuntza normalizatzeko egindako «ekarpen eskerga» nabarmendu ditu epaimahaiak.

Mari Jose Azurmendi eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria.
Mari Jose Azurmendi eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria.

Mari Jose Azurmendi (Donostia, 1944) irakasle eta ikerlaria saritu du aurten Eusko Ikaskuntzak, ohar batean jakinarazi duenez. « Ibilbide profesional eta akademiko aparta izan du eta hizkuntzaren normalizazioa bere egin du, ekarpen joria eginez euskarari». Horixe nabarmendu du epaimahaiak sariduna aukeratzerakoan.

Azurmendi 1968an hasi zen irakasle lanetan Beasaingo Alkartasuna Lizeoan, eta bertako lehen emakume zuzendaria izatera iritsi zen. Ondoren Donostiako Deustuko Unibertsitateko EUTGn aritu zen hamahiru urtez hainbat ikasgai irakasten, tartean soziolinguistikakoak. Arlo horretan, hain zuzen ere, aitzindaria izan da, baita psikosoziolinguistika deritzon jakintza-arloa garatzen ere.

EHUko Psikologia Fakultatean jardun zuen 1983tik 2011n erretiroa hartu zuen arte. Unibertsitatean katedradun izatera iritsi den lehen emakumetarikoa, zortzi urtez izan zen zentro horretako dekanotzako kidea, euskara dekanorde gisa. 2014ra arte irakasle emeritu moduan luzatu zuen bere bizitza akademikoa.

Quebec-eko Laval Unibertsitateko Centre sur le Bilinguisme-ko irakasle gonbidatua eta 1980az geroztik zentro horren kidea izan da. Nevada-Renoko Unibertsitatean ere jardun du irakasle gonbidatu gisa.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Azurmendi bere ibilbide akademikoan eta militantean «euskara erdigunean jartzen jakin izan duen zientzialaria izan da, soziolinguistikan, psikolinguistikan eta psikosoziolinguistikan egin dituen ekarpenengatik». 

Soziolinguistika Klusterra elkarteko bultzatzaile eta sortzailetako bat izan zen 2000. urtean. Klusterrak argitaratzen duen ‘BAT Soziolinguistika Aldizkari’ zientifiko espezializatuaren Argitalpen Batzordeko kidea ere izan zen, baita zuzendaria ere sei urtez. Beste hainbat erakunde zientifiko eta elkarteko kide ere bada, hala nola, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua, Bagera eta Orreaga.