NAIZ
MADRIL

Olatuaren gainean jarraitzen du Alavesek (1-5)

Hirugarren garaipena jarraian erdietsi du Alavesek (1-5), bigarrena jarraian etxetik kanpo. Hamar punturekin sailkapenean, aurreko postuetan izatearen lasaitasunarekin egingo die aurre talde babazorroak datozen neurketei. [Neurketaren xehetasunak]

Ibai Gomez izan da babazorroen artean itxura hoberena eman duena. (@Alaves)
Ibai Gomez izan da babazorroen artean itxura hoberena eman duena. (@Alaves)

Denboraldiko lehen bost neurketen balantzea egin beharko balu Alavesek ‘bikain’ handi batekin gaindituko luke gaur arteko azterketa. Denboraldiko lehen partida Bartzelonaren aurka etxean galdu ostean, hiru garaipen eta berdinketa bat lortu ditu talde babazorroak.

Taldearen azken garaipena larunbat eguerdi honetan Vallecasen erdietsia izan da (1-5). Garaipen argia, zalantzarako tarte txikia uzten duena, baina hein baitean detaileek erabaki dutena.

Irekiak izan dira oso neurketako lehen minutuak, kontrol gutxi eta aukera askorekin. Horretan zirela, Alaves izan da lehenengo mahai-kolpea eman duena 8. minutuan Ximo Navarrok egin duen golarekin.

Neurketak, baina, hasi bezala jarraitzen zuen eta bere aukerak izan ditu Rayok partida berdintzeko, gola iritsi den arte. Raul de Tomas izan da 30. minutuan markagailua bedindu duena.

Lau minutu beranduago, 34.ean, hortik aurrerako guztia baldintzatu duen jokaldia izan da. Alde batetik, eguneko bere lehenengo gola egin du Ibai Gomezek eta, bestetik, txartel gorria ikusi du Rayoko atzelari batek. Markagailuan aurretik eta jokalari bat gehiagorekin, kontrolpean izan du neurketa Alavesek.

Bigarren zatia hasi eta hamar minutura taldearen hirugarren gola egin du Callerik, Ibai Gomezek egin du laugarrena –bere bigarrena– 77. minutuan eta Burguik bosgarrena luzapen denboran.

Hamar punturekin dago orain Alaves sailkapen nagusian, eta Bartzelona eta Real Madril baino ez ditu aurretik.