NAIZ
OÑATI

Txillardegiren lana aitortzeko plaka inauguratuko dute Arantzazun

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren lana aitortzeko plaka inauguratuko du Oñatiko Udalak ostegunean Arantzazun. Iñigo Arregi eskultoreak diseinatu du oroigarria eta Milikua ostatuko fatxadan ezarriko da.

Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak proposatuta, Jose Luis Alvarez Enparantzaren lana aitortzeko erabakia hartu zuen Oñatiko Udaleko osoko bilkurak, aho batez. Hori hala, Oñatiko Udala izango da Txillardegiri aitortza «merezi duen bezala» egingo dion lehen herri-erakundea.

Plaka bat ezarriko dute horretarako Arantzazun, Milikua ostatuko fatxadan, «izan ere sarri joan zen Txillardegi Milikuara, eta bertan ikertu, idatzi eta atseden hartu ohi zuen». Datorren ostegunean, hilaren 27an, izango da oroigarriaren inaugurazio ekitaldia, 19.00etan hasita.

Iñigo Arregi eskultoreak diseinatu duen lanaren inaugurazioan musika eta hainbat hitzaldi labur aldizkatuko dira, eta tartean Mikel Biain Oñatiko alkateak hartuko du hitza.

Bezperan, hots, asteazken honetan, beste ekitaldi bat egingo da Oñatiko kultur etxeko zine aretoan. Bertan, ‘Txillardegiren egunkari ezkutua’ filmaren aurrerapena eskainiko du Kote Camachok; Fito Rodriguzek, aldiz, hitzaldia emango du ‘Txillardegi aitzindaria’ lelopean.

Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak «garrantzitsutzat» jo ditu aipatu ekimenak aitortza ofizialaren bidean. Era berean, urrats berriak etorriko diren konbentzimendua du, «baita Txillardegiren jaioterrian bertan, Donostian alegia».

Aurten ospatuko da euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena. Arantzazun jarri ziren haren oinarriak eta Txillardegi Liburutegia herri-ekimenetik nabarmendu dutenez Jose Luis Alvarez Enparantza izan zen oinarri horien «gurasoetako bat».