NAIZ
BILBO

Bost egitasmok osatzen dute Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekarpen artistiko-kulturala

Euskaltzaindiak bost egitasmo antolatu, sustatu edo babestuko ditu datozen hilabeteotan, guztiak euskal kulturarekin lotutakoak, bere mendeurreneko ekintzen baitan. Hainbat talde edo konpainiarekin elkarlanean egin dira proiektuak, eta urtemuga berezi honek irauten duen bitartean plazaratuko dira.

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira antolatutako ekimen artistiko-kulturalen aurkezpena. (EUSKALTZAINDIA)
Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira antolatutako ekimen artistiko-kulturalen aurkezpena. (EUSKALTZAINDIA)

Akademiak Bilbon aurkeztu ditu mendeurreneko ekarpen artistiko-kulturala osatuko duten egitasmoak: ‘Ghero’ antzezlana (Tartean Teatroa antzerki taldearekin), ‘Biz Hitza’ ikuskizuna (Aukeran dantza konpainiarekin), ‘Mende berria kantuz’ ikuskizuna (Bilboko Koral Elkartearekin -Euskeria abesbatza-), Astelehen-Astearte Buruzuriak kontzertu zikloak eta ‘Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan’ ikuskizuna (Bernardo Atxaga - Jose Cruz Gurrutxaga).

Mendeurreneko ekintza artistiko-kulturalak datorren astean abiatuko dira, Arantzazun. Urriaren 4an, ‘Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan’ irakurraldi dramatizatua egingo dute Bernardo Atxagak eta Jose Cruz Gurrutxagak, eta urriaren 5ean, ‘Mende berria kantuz’ kontzertua eskainiko du Euskeria abesbatzak, Donostiako Orfeoi Gazteak eta Lauko Quartet taldeak lagunduta.

Tartean Teatroa taldearekin batera antolaturiko ‘Ghero’ antzerki lana azaroaren 20an aurkeztuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Antzerki pieza «bitxia» da, eta bere protagonista nagusia euskara. «Euskararen iraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena» erakusten du, eta, euskarari ez ezik, hizkuntza guztiei egin nahi die gorazarre. Antzelanak Patxo Telleriaren gidoia du, eta Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Ane Pikaza dira aktoreak.

Musika eta dantza

Bestalde, Bilboko Udalaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, hamar kontzertu akustiko antolatuko ditu Euskaltzaindiak, Astelehen-Astearte Buruzuriak zikloetan, urrian eta azaroan.

Sei saio Bilbon egingo dira –bost Euskaltzaindiaren egoitzan eta bat BIRA espazioan–, eta beste laurak Donostiako ordezkaritzan. Amorante, MICE, Zuriñe eta Fran (Hesian), Mikel Urdangarin, Nizuri Tazuneri eta Pauline eta Juliett igaroko dira kontzertuetatik.

Gainera, Aukera dantza konpainiaren ‘Biz Hitza’ ikuskizunaren lehen emanaldia 2019ko martxoaren 16an izango da, Bilboko Arriaga antzokian. Munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du, dantzaren bidez.

Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkezpenean adierazi du hizkuntzak ez direla bakarrik hitzak, arauak edota gramatika, baizik eta «kultura jakin baten hari eroalea ere, bide erakusle», eta gaineratu du «euskara askozaz ahulagoa» litzatekeela, «euskarari bizitza ematen dioten askotariko kultura-jardueren laguntzarik gabe».

«Guk euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu, eta horren apustua egin dugu mendeurrenean, punta-puntako eragileekin elkartu garela horretarako: esan Aukeran, Tartean, Bilboko Korala, Atxaga bera, eta gure musikari fin eta ausartak, euskaraz kantatzen tematzen direnak. Horiekin guztiekin bat egiten dugu gure bi helburu nagusietan: euskara hauspotzea eta euskal kultura moderno eta kalitatezkoaren alde egitea euskararen herrialde osoan», esan du.